Ez ninduke harrituko oraintxe bertan bat baino gehiago Trueba, Príncipe edo Antiguo Berriko zinematan itxaroten egoteak. Zinemaren Festaren lehenengo eguneko argazkiek leku bat lortzeko gogo biziz zeudenek osatutako ilara luzeak erakutsi zizkiguten atzo. Beste hainbat hiritan gertatu zen gauza bera, eta dirudienez, Madrileko aretoek gainezka egin zuten.
Dakizuenez, zorioneko ekimenaren bitartez, urriaren 21, 22 eta 23an zenbait zine aretotako sarrerak 2,90 eurotan saltzen dira. Hortaz, Principe zineman esaterako, “Las Brujas de Zugarramurdi” ikusteak normalean (6,80 euro) baino 3,90 euro gutxiago balio du eta ikuslearen egunean balio duenaren (5,5 euro) erdia ia.
Low-cost zinemaren arrakasta ikusita, bada sarrerek urte osoan 3 euro balio behar luketela ebatzi duenik. Horrela kolpetik amaituko ei genuke industriaren krisiarekin. Baina hau negozio errentagarria izan dadin, gutxienez hiru bider hazi beharko litzateke ikusle kopurua, eta ez dirudi hori oso gertagarria denik. Donostiaren kasuan, betiko istorioa errepikatzen da: ekitaldi handiei (Jazzaldia, Zinemaldia, Aste Nagusia eta, ejem, pintxo-potea) erantzun bikaina ematen dien hiria da, urteko gainontzeko egunetan etxeko goxotasunean babesten dena.
Ez dago jazz giro egonkorrik, jatorrizko bertsioan hiru edo lau film bakarrik eskaintzen dira bertako aretoetan… Baina Chick Corea etortzen denean sarrera guztiak saltzen dira, eta 160.000 ikuslek (linka) (bertako biztanleen %90a denak) ohiko zirkuitu komertzialetatik at dauden pelikula mordoa irensten dute.
Ekitaldi sozialak dira hiri hau martxan jartzen dutenak. Zinemako sarrerek urte osoan 2,9 euroko salneurria izango balute, ekimena ez litzateke berezia izango. “Ni bertan izan nintzen” esateak zentzua galduko luke. Gustuko dugu zinemaren festan edota film txinatarrak eskaintzen dituen jaialdi batean parte hartzea… gero albo batera uzteko.
Ez dago komentariorik