Gizon bat oinez doa kaletik. Bere pentsamenduetan murgildurik dago, aurrera begira baina inguratzen duenaz kontziente izan gabe. Berandu dabilela da kezkatzen duen gauza bakarra. Askotan pasa izan da hotel honen albotik, eta beraz, ez du honetaz jabetzeko beharrik. Bat-batean, flashback batek haren pentsamenduak bortizki astindu ditu, arrazoia zein den jakin gabe. Eskubirantz jiratu du burua, bertan Astoria zinemako takillek egon behar dutelako ziurtasunez, baina noski, berandu da; ez dago halakorik. Denbora pasa da jada desagertu zirenetik. Instant batean, ehundaka oroitzapen egin dira bere buruaren jabe, eta pausua gelditu behar izan du, badirudi ez duela bidea gogoratzen.
3. areto hura ikusi zuen lehen aldia, izugarri gorria, biziki etzana, etorkizunetik ekarritako gela iruditu zitzaion. Beharbada, T-1000-k ekarri zuen bertatik pasa zenean. 1 aretoa oroitzen du, eta benetan horren handia zen edo idealizatua duen galdetzen dio bere buruari. Oinez jarraitu eta Chuches Chus dendara iritsi da, eta harrigarria bada ere, bertan jarraitzen du, nahiz eta litxarkeriak erosteko bezerorik ez dagoen. Sarrera oroitzen du, baita pelikula zoragarri bat ikustera zihoanean sentitzen zuen kitzikatzea ere. “El fugitivo”, “Crash” (Cronenberg-ena, ona), edo Zinemaldian urrezko maskorraren garaile izan zen filmetako bat gogoratzen ditu. Neskarekin ikusitako lehen filma gogoratzen du, Jim Carrey-ek behiarekin istilua izaten duen film hura. Ateak ikusten ditu, kolak. Doc-ek McFly-i esandako hitzak ekartzen ditu gogora, eta lau dimentsioetan pentsatzen ari dela konturatu da.
Hasieran zuen presa ez duela erabaki du, presakoa zen gauza horrek itxoin dezakela onartu. Illunberaino jarraitu du pasioan, lau dimentsiotan pentsatzen jarraitzeko asmoz. Bertan ohartu da ez dela bistarekin soilik egindako jokoa, zentzu gehiagok hartzen dute parte. Natxoak usain ditzake ia-ia. Enbaxada Amerikarraren antza zuten zine areto haiek. Dena handi izan zedin zegoen pentsatuta: pantailak, eserlekuak, espazioak. Alabaina, pelikula txiki horietako bat da burura datorkiona: Harold Ramis-en“La cosecha del hielo”. Hotzikara ere sentitu du. Berriki zendu den zuzendariaren mamua izango ote den dudatu du, edo beharbada, haren azalak gogora ekarri du “hielo” film horren emanaldian sentitu zuen hotza; hotzarekin arazo handiak izan zituzten areto horiek azken txanpan. Palomita eta entretenimenduaren aretoak ziren haiek, bai, baina Kubrick zikloa ere ekartzen dute gogora, eta baita Zinemaldia ere.
Bertatik urrundu da, beste oroitzapen batzuk dakarzkion oroitzapenetan murgildurik. Nola jakin gabe, kasino baten ateak begiztatzen gelditu da. Bai, haren pausuek Petit Casino izan zenaren aurrera eraman dute. Txiki oroitzen du, nahiz eta egungo parametroak kontutan izanik, ez zegoen batere gaizki. Hala ere kontutan hartu behar da Donostiako lehenengo multizinea izan zela, 80ko hamarkadan estreinatua. Film txar baten oroitzapena esperientzia atsegin batekin nahastu du.
Azken pasio batek Alde Zaharreko beste aldera darama, eta gaizki zehaztutako konexio batek, Principe zinemen sarreraren kokalekua nahastu du. Lehengo sarrera, eta oraingoa. Gutxienez, badago itxi ez duen Zinema bat hiri honetan. Gure harridurarako, handik gertu zegoen Miramar zinema. Oroitzapen zaharra bada ere, gogoratzen du “Los Gremlins” filma “Kramer contra Kramer”-ekin nahastea ahalbidetzen zuen areto handi hura, edo baita Louis de Funes-en filmak ere.
Ongi da, beharbada hiritik barrena pasioan ibili den gizona ez da benetakoa. Agian, ni neu naiz. Edo beharbada, zu. Beterano batek ere kolaboratu ahal izan du honetan. Jada ez dagoen zinema areto bati loturik dauden oroitzapenak konplexuak dira. Alde batetik, existitzen ez diren lekuak berpizten dituen aspektu fantasmagorikoa dago; baina, zinema baten kasuan, oroitzapen hauek inoiz existitu ez diren batzuekin nahasten dira. Zineman bizitakoa eta zuk zeuk pelikula barruan bizitakoa. Fikzioa eta errealitatea maila berean izan dira memorian errekuperatuak. “El último gran héroe” filmeko haurra bezala senti daiteke bat, pantaila handiak duen magiak harriturik. Film hura ez nuen Donostian ikusi.
Irunen hezi nintzen, eta cine Avenida-n egin nuen ikuslearen zientzietan doktoretza. Gazte horren esperientziarekin identifikatzen naiz. Garai haietan, zinemek areto bakarra izaten zuten, handia, baina ez ziren batere praktikoak. Avenida zaharra zen, antzinakoa, hobe esan. Bertaratazean une garrantzitsu baten parte zinela senti zenezakeen. Filma Abel Ferrara-ren “El Funeral” izan, edo Pamela Anderson aktoresa zuen “Barb Wire” filma izan, berdin zuen. Garrantzitsua zen. Hala behar zuen. “Celebrity” izan zen azken proiekzioa, eta noski, ez nuen hura galdu. Bazirudien Woody Allen-ek gure zinemaren amaiera ohoratzeko txuri beltzean egindako filma egin zuela. Hura itxi zutenean, nire nerabezaroak ere etapa garrantzitsu bat itxi zuen.
Baina ez dugu “The End”-ik jarriko, barkatuko didazue baina berriz ere aipatuko dut “Regreso al futuro”: hemen, “To be continued” bat jarriko dugu. Zinema berriak jaioko dira, beste batzuk berritu, gainera, digitalizazioak bertsio originaleko filmak ikustea ahalbidetzen digu. Oraindik badugu zer bizi gure zinemetan.
Ez dago komentariorik