Txalota taberna (Bermingham kalea 24)
Jendez lepo dauden lekuak itogarri suertatzen zaizkizun horri: ez larritu. Ibilbidea Berminghan kalean hasten bada ere, urruti dago jendetza. Beste tabernetan dauden gazteak baina edadetuagoak dauden taberna honetan, kanpoan kokatzen diren mahai altuetan hartu dugu tokia. Keler botilatxoaz lagundu dugu pintxo arrakastatsua: hirugiharra duen ganba brotxeta. Hori bai, hemen ere ez diote isatsari azala kentzen. 7,5
Salt taberna ( Nafarroa hiribidea 2)
Bertatik Zurriola hondartza ikusten den Salt taberna dotorera iritsi gara. Barran, era guztietako pintxoak dauzkagu zain: mini hanburgesak, pasta platerak, entsaladatxoak, gazta eta kalabazinez egindako biribilkiak… Hogei eta hogei eta hamar urte bitarteko gazteek bete dute taberna. Hanburgesa begiz jotzea ez da zaila. Hala ere, platerean hobe. Ogia lehor xamar dago eta haragiak ez du zapore handirik. Beste botilatxo bat atera digute. Onena, lokala. 5
Gautxo pizzeria ( San Francisco kalea 56)
Gros auzoko erdigunera buelta. Ostegunetako prozesioa amaitzeko aukeretako bat, eskuartean Gautxoko pizza zatia edukitzea da. Ez dugu ohiturarekin bat egin. Zorabiatzeko moduko beroa egiten duen taberna honetan, ez da inor gehiago sartzen. Elgoibarren beste pizzeria bat ireki ostean etorri dira Donostiara jabe hegoamerikarrak. Pizza portzioak txikiak dira, koipetsuak. Eta garagardoa urtsua dago. Gauaren aurpegirik kaskarrena. 3
Pincel taberna (Zabaleta kalea 57)
Jendez inguraturik jarraitzen dugu. Iskina egiten duen lokala izanik, erraza da duen terraza handian lekua topatzea. Maionesaz lagunduriko muskuiluak ikus daitezke hemen, baina dirudienez, urdaiazpiko kroketa da errege: kurruskatsua kanpotik eta zaporetsua barrutik. Garagardoa ere duinagoa da hemen. 6
Diz taberna (Zabaleta kalea 17)
Kale berean, baina San Ignacio parrokiaren parean daude Grosen pintxo-potea eskaintzen duten tabernarik jendetsuenak. Gaueko hamarrak eman dituzte jada, eta gelditzen zaizkigun azken bi euroak zentzuz gastatu beharrekoak dira. Diz tabernako urdaiazpiko izerditu eta zaporetsuak ez du hutsik egiten. Apustu irabazlea. 7
Ez dago komentariorik