Arte-praktikek nola eraikitzen duten esparru publikoa eta esparru publikoak nola eragiten dion arteari. Hau da Consonni, Donostia 2016 eta Tabakalerak martxan jarri duten Lapublika laborategia eta arte-jardueraren helburua. Ez da lan makala. LaPublika hausnartzeko gunea bilakatu nahi du eta epe luzeko proiektu honen lehen fasea Donostia eta Bilbo artean egingo da urtea amaitu baino lehen.
Lehen harria datorren astelena azaroak 9an jarriko da “Biribilgunetik haratago, edo zer du publikotik arte publikoak?” izenburua ezarri dioten lantegiarekin. Hiru egunetan zehar bartzelonako Latitudes bulegoko kide diren Max Andrews eta Mariana Cánepa Luna-k artelanek eremu zabaletan duten (enparantza, biribilgune, parke…) eztabaida irekiko dute. Edonork izena eman dezake www.tabakalera.eu webgunean edo baita eraikuntza beraren informazio puntuan ere. Baina, agian, gaia benetan interesatzen bazaizu azaroak 11 asteazkenean Latitudes-eko bikoteak hitzaldi bat emango dute arratsaldeko 6etan. Bilbotik autobus zerbitzu berezi bat eta guzti prestatu dute.
Arte publikoraren gaia ateratzen denean azkenaldian eztabaida handia sorrarazten duten errotonda edo biribilgune artistikoak atera ohi dira. Fama handia lortu dute Nación Rotonda bezalako liburuak Espainian, baina gure eremuetan ere baditugu eredu bitxi ugari eta agian ez diegu behar duten atentzioa eskaini. Edo bai.
Pasa den martxoaren 12an Egiako Reflex espazioan Patxi Berreteaga, Endika Basaguren eta Ibon Salaberriaren “Carrousel” liburua aurkeztu zuten. Interesgarria da oso eta beheko hiru argazkiak zein azalakoa bertatik atera ditugu. Euskal Herriko biribilguneei buruzko entsegu bat da eta bertan 50 argazki inguru aurki daitezke zeintzuk segituan gogoetara bultzatuko zaituzten. “Biribilgune artistiko hauen artean asko dira ere merezimenduzko artelanak dituztenak (…). Nik, ordea, zalantza dut gidariek teorian zentzu guztiak errepidean jarri eta deskuiduak ekidin behar dituzten leku batean artelan bat ipintzea gauza egokiena den”, diote Patxi eta Endikak.
Errotonda, arte publiko eta Donostian ditugun zenbait ereduei buruz hitzegiteko proposamenarekin Jonander Agirre eta Edorta Subijana arkitektoen iritzia kontuan izan nahi dugu eta kuestionario bana bidali dizkiegu. Tabakaleran martxan jarriko diren lantegi eta hitzaldien harira eta, bide batez, giroa pittin bat berotzeko. Hauxe dira haien erantzun eta argumento ezberdinen konklusio nagusiak:
Hasieratik: arte publikoa definitzen
Jonander Agirre: “Espazio publiko batean kokatu ohi den artelan bati esaten zaio. Bi talde kontrajarritan jarriko nuke begira, arte instituzionalizatuan eta arte espontaneo edo independentean”.
Edorta Subijana: “Kontzeptu nahasgarria izan daiteke. Espazio publikoan kokaturiko arteari buruz ari bagara, agian egokiagoa horrelaxe izendatzea, hau da, “espazio publikoan kokaturiko artea”.
Errotonda artistikoak? Ez, mesedez
Jonander: “Hirigintza arauetan egoten den normatiba bat betetzeko erabiltzen den estrategia da. Artearen banalizazio hutsa. Ni nahiago ditut frantzian aurkitzen diren jardintxoak! Honek, datorren gaira eramaten gaitu, hau da, nola gizarteak ikusten duen artea eta nola botereak erabiltzen duen orain neutroa den arte bat bere mesederako”.
Edorta: “Biribilguneak artearen bitartez leku bihurtzeko saiakera gehienek emaitza lotsagarriak eman dutela iruditzen zait. Ez da batere erraza. Nire ustez hobe erabilerarik gabeko azalera horiek azpiegiturez beteko bagenitu: ur depositoak, bonbeo estazioak, depurazio sistemak…”.
Errotonda eta ipotx irrifartsuak
Edorta: “Gutxi batzutan asmatzen bada ere normalean inongo zentzurik gabeko pieza ornamentalak ikusten ditugu. Lorategi pribatu askotan jartzen diren ipotx irrifartsu horiek bezala (gutxienezko ironiarik gabe jartzen direnean, jakina). Gehienetan ariketa pseudoartistiko hauei inongo hausnarketarik egin gabe heltzen zaie… Cor-ten burni pieza oker batzuk biribilgune baten erdian edozein modutan jartzeak ez du, ez, Haize orrazia-rekin zerikusirik”.
Instituzioen esku luzea
Jonander: “Oso argi ikusi da nola saiatu diren instituzioetatik kultura kontrolpean jartzen. Euskal Herrian baditugu oso instituzionalizatuak izan diren hainbat artista, beraien lana kritika eta esanahiez biluztu eta gizartearekiko lur amankomun bat bihurtu direnak. Oteiza, Basterretxea eta bereziki Chillidaz ari naiz orain. Edertze puntu bat bezala ikusten dira eta beraien testuingurua guztiz desagertzen da”.
Hankasartzeak (Donostian)
Jonander: “Adibidez, Aquariumen gainean dagoen Oteizaren eskulturaren eskala zeharo aldatu zitzaion arte publikoaren eskala eduki zezan, berez oso eskultura txikia da!”.
Mugimendu abilak (Donostian)
Jonander: “Neri asko gustatu zait azken legealdian eman zen mugimendu nahiko estrategiko bat arte publikoa erabilita. Esango nuke Bilduren gobernuaren erabaki inteligente gutxienetakoa izan dela. Basterretxearen usoaren eskulturaren mugitzeaz ari naiz. Saguesen kokatua, eta berriro alkatetzan ez zirela egongo jakinda, estrategikoki mugitu zuten eskultura. Donostiako izkiña horretan badira urteak hotel bat egiteko planak daudela eta eskultura horrek planak zaildu baino ez ditu egiten (…). Gainera logika handia du Haizeen orrazia eta Oteizaren eskulturarekin batera, azken lurmuturrean beste pieza bat izateak”.
Edorta: “Kursaal. Arkitektura garaikide askok bezala, Moneoren proiektuak arte publiko izaera daukala esango nuke, kasu honetan lekuaren behar formalei erantzun eskultoriko bat eman zaio, puntu askotan eraikinaren funtzionaltasuna sakrifikatuz. Erantzuna, hori bai, pertsonalki egokia iruditzen zait”.
Komentario bat
There is visibly a bunch to realize about this. I consider you made various good points in features also. ekfegcfkabfd