Kontxa hondartza eta Anoetako futbol zelai artean 2,5 kilometro inguru daude. Bertara piloto automatikoarekin hurbildu baino, udaberri hasi berri dugun arratsalde batean ekingo diogu gure ibilaldiari, eguzkiaren izpiek bizkarra laztantzen diguten bitartean. Gainera, geldialdi estrategikoak burutuko ditugu plan borobila izateko. Jo dezagun paseoa bihar egiten dugula, Reala eta Real Madrilen arteko partiduaren aurretik -eta a zer nolako partida, liga eta Champions jokoan daude!-, hau da, arratsaldeko zortziak baino lehen.
Miraconchako aldapan dauden bankuetan eseri gaitezke eta burura etorriko zaizkigu gaztaroko imajinak, neska-mutil erromantikoak ginenean. Egia da parean dagoen errepideak magia apur bat kentzen diola baina bakardadean egonda ere ondo baino hobeto gozatu dezakegu, turista eta jende multzo handietatik urrun. Barandilara hurbiltzen garenean para bat opzio bururatzen zaizkigu: ona egiten badu, Café de la Conchako terrazan zerbait hartu dezakegu eta eguraldiak laguntzen ez badu, ez dio inporta. Kanpotarren eta bisitarien modura, hotel Londresen sartu eta leiho zabal eta gardenaren parean jarriko gara badiara bista zuzenduaz. Ez da plan txarra, ez jauna.
Askotan zuritoa eta pintxoa prisa eta korrika hartzen ditugu Anoeta inguruan, jendez murgilduta eta benetan gozatu gabe. Ez dugu presarik, denbora soberan dago eta, gainera, zentroan gaude. San Martzial kalean taberna ugari daude eta Alustiza da famatuenetariko bat: beheko eskailerak jaitsi eta gavilla pintxoa eskatuko dugu zuzenean: kroketa itzela, urdaiazpikoa, gazta eta bechamela. Oinez abiatzen gara Bilbo plazara eta gure derbi literarioa jokatuko dugu… Donostia liburutegian. Merezi du sarrera modernista zeharkatu eta hiztegiz beteriko espazioan murgiltzea.
Prim kalera goaz, pixkanaka-pixkanaka, eta Pokhara tabernarekin topo egiten dugunean eskubira joango gara, Errege Katolikoen zonaldera. Jakina den bezala auzoaren beherapena nabarmena da. Baina Casa Vallés-eko gilda famatuak eta bakailu tortila bokadiloa erosi aurretik, Balu goxoki-denda hilezkorrean pipa batzuk hartu ditzakegu partiduan jateko. Gogoz bagabiltza, denda vintage batera ere sartu gaitezke, Splash taberna parean dagoena hain zuzen ere. Bellas Artes-en eraikuntza atzean utzi -zein izango da haren etorkizuna?- eta Araba parkean geldialdi tekniko bat egingo dugu. Plazer bat da umeak txirristran ikusten ditugunean.
Ez dezagun gure helburua ahaztu: partidua ikustera goaz eta gogo handiz gainera. Iluntzen ari da eguna. Astoria 7 hotela albo batean uzten dugunean zein zoragarriak izan ziren gure hiriko zinemak etorriko zaizkigu burura. Gure zine kritikoa den Iñaki Ortiz-ek honi buruz hitzegin zuen post polit batean. Madrileko ibilbidean gaude jada eta errotondara iristen garenean ezkerreruntz joko dugu, Art Café-an zuritoren bat hartzeko prest. Paseoa bukatu da. Polita eta probetxugarria. Azken pauso bat falta zaigu: zelaira sartu eta Reala animatu.
Ez dago komentariorik