La Gastronómica deritzon terrazatik primeran ikus daiteke plaza. Izena ez diote kasualitatez ipini, Donostiako egoitz gastronomikoa baita ezbairik gabe. Harriz eta egurrez josita, hiru solairu ditu eta Guardetxera eramaten zaituen aldapan topatuko duzu. Asko merezi du leku honetako zoko guztiak ezagutzea: atikoan liburutegi bat dago, XIX. mendeko armak eta sotoko upeltegian ardoa soberan dute. Lehen gourmet eta orain foodie kontzeotuekin identifikatzen diren horiek plazer handiz hilko lirateke La Gastronómica barnean eta, aldi berean, musika zaleek inbidia mordoa dute Jazzaldian terrazetan jendea ikusten dutenean.
Kantaora flamenko baten izena duen “Trini” plazatik jazz, blues, soul eta rock and roll munduko izar handiak pasa dira: Muddy Waters, John Lee Hooker, Solomon Burke, Elvis Costello… 1966an hasiera eman zion Jazzaldiak eta Trinitate Plaza eszenatoki nagusi eta bakarra zen. Ederrak dira beti Triniko kontzertuak, txoko pribilegiatu batean baitago kokatuta: etxebizitza Errenazentista baten artean, (San Telmo), XVIII. mendeko Santa María eliza, Urgull mendia eta Alde Zaharreko etxe xelebrez inguratuta.
Gaur egun ezagutzen dugun plaza Luis Peña Ganchegui arkitektoaren lana da -besteak beste, tenis plazaren atzean ere agon zen- eta 1963 urtean eraiki zuen. Hiriko harresiaren 100. urtemugaren eraistearekin koinziditzen du. Frontoia aurretik zegoen, 30. hamarkada geroztik, eta bizilagunen presiopean dago estali nahi baitute. Ganchegui-k euskal kirolentzako zuzendutako gunea eraiki zuen: gaur egun aldagelak diren bola-tokia, armailak eta harriak mugitzeko probaleku bat. Tamalez plazaren itxura aldatu egin da, okerrera joan da: orain jokaleku laua dago, uztailak eta futbol ateak.
“Trinitate plazarekin elementu gutxi batzuk ordenatzearekin gauza handia lortu da; tamalez, gune honi ez zaio merezitako tratua eskaini. Inork ez luke Konstituzio plazan kiroldegirik jarriko, ezta kanasta batzuk ere. Edozer gauza bailitzan izan da tratatua Trinitate plaza”, dio Edorta Subijana arkitektoak.
Dena dela, Triniren xarma haren arima poliedrikoari esker zor diogu. Kiroldegia da, musika eszenatokia, merkatuen erdigunea… eta gaztetxoen elkargunea. 30 urte inguru ditugunontzat oroitzapenak ugariak dira: 90. erdialdean koadrilako lagunen meeting-point zen Trinitate plaza eta armailetan esertzen ginen pipak jaten eta ezkutuan zigarroak eta zigarroak ez zirenak erretzen. Eta neskekin elkartzen ginen lehenengo aldiz. Trinia amodiozko istorio naif eta politen testigua da.
Ez dago komentariorik