Edorta Subijana naiz, eta saltsero profesional gisa definitzen naute. Egiten dudanarekin gozatu eta gozatzen ditudan gauzak egiten ditut. Gustuko izan ditudan gauzak egin izan ditut beti, eta horrek atsegin ez ditudan gauzak egitea galarazten dit. Zer naizen, ez dakit ziur; baina neskaren gurasoen aurrean arkitekto gisa azaltzen naiz nahiz eta marrazkilaritzat dudan nire burua.
Kutxa Kultur Hiria Kuboko argazki montajeek arrakasta handia izan dute. Nola sortu ziren hiriari zuzendutako proposamen hauek?
Erakusketa hau Kutxa Kultur Hiriak ekainean egindako enkargu baten bitartez sortu zen. Proiekzioren bat edo beste eskatu zidaten, antolatzaileekin batera Rafael Berrio eta Mursegorentzat egindako proiekzioaren fruitu, baina kasu honetan ez zuen zentzu handirik jaialdia egunean zehar egingo baitzen. Beraz, jaialdi itxura ematea proposatu eta hala atera ziren muntaia hauek. Andia kalean egon ziren ikusgai etorkizunean egingo zen erakusketa baten presentazio gisa. Kubo aretoan gainera, “La ciudad invisible” izeneko erakusketa egiteko aukera izan nuen. Erakusketa horren izenak Italo Calvinoren liburuari egiten dio erreferentzia. Izan ere, Donostia Calvinok definitutako hiri ikusezin bezala imajinatzea atsegin dut: ezinezkoa agian, baina karaktere bereziarekin.
Zer lortu nahi zenuen erakusketa honekin?
Kutxa Kultur Hiria jaialdiaren gakoa hiria biztanleek ematen diogun erabileraren modura aldatzea zen, baina hura ukitu gabe. Premisa hiria ukitu gabe aldatzea zenez, zerbait ukitu gabe alteratzeko modurik onena hura proiektatzea dela iruditu zitzaidan. Sagueseko pasarelan pentsatuz otu zitzaidan proiektua, eta hala, proiektua ikusi dutenek hartaz pentsatzen Sagueseko pasarelan jarraitu dute, nahiz eta ez den eraiki. Egingo ez den proiektu batekin aldatu da zer edo zer, eta modu honetan, gauzak aldatzen dira. Egin ezin diren proiektuak ikusten nituen nik, modu honetan proiektatua izango zen lekua aldatuko zelakoan.
Erakusketa honetan teilatuetan jarritako baratz hiritarrak, Kontxako bajuetako merkatuak, nautikoan egindako moda desfileak, etxe alboetan graffitiak egitea… proposatzen duzu.
Graffitiak, adibidez, hiritarrarekin zer ikusia duen marrazki bezala izan dira diseinatuak, ez norbaiten firma bezala. Espazioarekin daude erlazioan maila artistikora iristeko. Monopatin zale den 16 urteko nerabe eta kardatutako iledun adineko emakumearen artean afinidadea lortzeko intentzioa ere badago. Biztanle guztiei ondo irudituko zaien zerbait izan nahi dute graffiti hauek. Polemika gehiago espero nuen gai honekin, baina dirudienez jende askori gustatu zaio eta ez da eskandalurik sortu. Onda da hori. Arteak espazioarekin konexioa lortu badezake, bi gauzak ugaritzen dira; obra eta lekua. Hiriko gune baten gainean atsegineko zerbait sortuz, leku hori gehiago zainduko da.
Eta ibaia dinamizatzeari dagokionez… Alboratuta al dugu Urumea?
Kontutan eduki behar da ez direla berdina barnealdeko itsasorik gabeko hiriko ibaia, eta itsasoratzen den ibaia. Izan ere, azken hauek ez dira horren egonkorrak azken denboraleek erakutsi diguten moduan. Horretaz gain, oso gutxi erabiltzen dugula iruditzen zait, eta oso erlazio txarra dugu harekin. Pasiatu eta korrika egiteko leku aparta izan zitekeena oztopoz beterik dago. Berdina pasatzen da Gernikako Arbola pasealekuarekin, gauza asko egiteko lekua dago bertan; bertan potentzia zitekeen ibaiarekiko erlazioa. Gozatzeko zerbait da, beste aukera bat.
Nola konpondu dezakegu erlazio hau?
Egokitu daitezkeen gauzak egin behar direla uste dut, izan ere dena azkar batean alda daiteke: desmunta daitezkeen eta iraupen gutxiko gauzak. Gauzak azkar aldatzen direnez, erantzun azkarrak behar dira gauzak sortzeko orduan.
Zer gehituko zenioke hiriari?
Jendea kalera gehiagotan aterako duen edozer gauza egingo nuke; ekintza gehiago sortuko duen zerbait. Kalea gehiago aprobetxatu beharra dago, baita hura aprobetxatzen jakin beharra ere. Ondo planteatuta dagoela uste dut, eta espazio ugari ditugu; Donostian asko pasiatzen da, baina Kontxako badiara mugatzen da pasio hau. Kalea geroz eta gehiago aprobetxatuz, hiriak hobe funtzionatzen duela uste dut. Gure hiria ondo badago ere, gehiagora egin behar du.
¿Eta zer kenduko zenioke?
Gustatzen ez zaizkidan gauza asko ditu hiri honek, baina armoniarekin kunplitzen ez badute ere, beharrezkoak direla uste dut. Itxusiak diren gauzarik gabeko Donostia imajinatzen dudanean, amets gaizto antzekoa da, gezurrezko parke tematikoaren antzerako zerbait. Merkatuekin egin dena lazgarria iruditzen zait; horrek arkitektura berriaren aldeko ez izatea eragiten dit. Patrimonio den zerbaiten suntsiketa izan da. Luxuzko tokian McDonalds-a izan, eta babestu beharreko patrimonio diren produktuen saltzaileak baztertutako markesina penagarri batean egotea ezin onar daiteke; gastronomiaz finolatzen duen hiri batean ezin da halakorik gertatu. Bakoitzaren lekua ezartzean nahastu egin dira: kasu bera ikus dezakegu San Martin Azokan: baserritarrak lur azpian egon beharrean, Zara dagoen lekuan egon beharko lukete. Ohorezko lekua merezi dute hauek. Beste era batean erreformatu beharko liratekela uste dut; hau ez diot eraberritze arkitektonikoagatik, espazioen birmoldatzeagatik baizik. Asko galdu dugu: aukera ezin hobea. Hori gutxi balitz, orain Bellas Artes-eko eraikuntza hotel bihurtu nahi dute. Dirudienez, hiri honetan gauza absurduak gustatzen zaizkigu.
Beharbada, ez dugu edifizioen funtzioa ulertzen…
Heziketa arkitektonikoa falta dugu. Ez da gauza bera gertatzen beste alorretan: pentsa dezagun musika edo zinean. Ezin konpara daiteke musikari buruz dugun jakintza arkitekturari buruz dugunarekin: jendeak musika asko entzuten du, eta musika aztertu eta taldekatzeko duen abilezia ezin konpara daiteke arkitekturarako duten abileziarekin. Gainera, arkitektura modernoari beldurra dio jendeak, eta beraz, arkitekto hoberenekin lotu izan da arkitektura mota hau. Gery edo Calatravarekin hasi gara arkitekturaz hitz egiten, eta badirudi milioiak balio duten proiektu hauen aurretik ez zela arkitektura existitzen. Balio handia duten baina baloratzen ez diren proiektu ugari dago. Ezagutza faltak, eraikuntza ez den eta Trinitate plaza zein Tenis plaza ez diren arkitekturak ulergaitz egiten ditu.
Arkitektura obra al dira aipatutako bi leku hauek?
Oso gune publiko interesanteak dira. Tenis Plaza hiria amaitu eta itsasoarekin biltzen den leku ikaragarria da. Niretzako dena du leku honek: perfektua da. Baina ate eta leihorik ez duenez jendeak ez du arkitektura kontsideratzen. Hiriak bertan jasotzen duen tratamenduak emozionatzen nau, elementu guztiekin duen topaketa zoragarria da. Gauza bera gertatzen da Trinitate plazarekin, elementu gutxi batzuk ordenatzearekin gauza handia lortu da; tamalez, gune honi ez zaio merezitako tratua eskaini. Inork ez luke Konstituzio plazan kiroldegirik jarriko, ezta kanasta batzuk ere. Edozer gauza bailitzan izan da tratatua Trinitate plaza.
Ba al dago arkitektura alorrean Donostian utzirik dugun beste zerbait?
Donostian jaialdi ugari baditugu ere, proiektuak beharko lirateke jaialdi hauentzat. Izan ere, jaialdiak utzirik daude arkitektura ikuspegitik. Eszenatoki edo liburuentzako stand-ak prestatzea arkitektura lanak izan daitezke ere. Gauza hauetaz arduratzen denak ez dizkie halakoei garrantzi handiegirik ematen. Hain hiri pintoreskoa izanik, filosofia bera musika jaialdi homeless-etara eraman beharko litzatekela iruditzen zait. Igeldoko jaialdian eta Trinitate plazako jazzaldiko kontzertuetan funtzionatu du. Musika horrek ez luke balio bera izango jaialdia hiri kanpoaldeko poligono industrialen batean ospatuko balitz. Hainbeste jaialdi izanik, ekitaldiak gune egokitan ospatuko balira… Zinemaldia Kursaalean ospatzearen erabakia ez da ona nire ustez.
Arazo dezente ditugu orduan… Hauek konpontzeko aholkurik baduzu?
Inoiz egin ez ditudan gauzak egitea gustatzen zait, horregatik inoiz ez naiz lan hauetan mailarik gorenera iritsi. Rafa Berrioren proiekzioetan gakoa dago lor ditzakedan gauzak erakustean, espektakuluak behar duena erakustean baizik. Teknika proiektuaren, kontzeptuaren zerbitzura jarri behar da. Galdera batetik abiatzen da dena: nola egiten da hau? Erantzuna nire herramintekin zer egin dezakedan jakitean datza. Batzuetan gezurra esan eta egiten badakidala diot; hala, hura egiten ikasi behar izaten dut.
Ez dago komentariorik