Idazle eta lagun dugun Anjel Lertxundi da azken Berrirakurtzen /Releyendo zikloaren irakurtaldiaren protagonista. Jakina den bezala, ziklo literarioaren arduradunak Jon Benito eta Beñat Sarasola dira. Orioko idazlea Gabriel Arestiren Harri eta Herri obraz arituko da bihar arratsaldeko 19:30etan Koldo Mitxelena Kulturunearen areto nagusian. Zikloko euskarazko obra bakarra da. Garoako kideok berarekin hitzegiteko aukera izan dugu, gure idazle kuttuna baita. Galdeketa estua egin diogu.
Zer irizpide segi dituzu obra hautatzerako orduan? Berrirakurtaldia egingo duzun eran pentsatzen akaso?
Noizean behinka itzultzen naiz Arestiren obrara. Batzuetan arrazoi profesionalak medio (hitzaldiren bat, artikuluren bat), bestetan nire belaunaldia baldintzatu zuten testu batzuk berrirakurtzeko asmo hutsaz. Euskal literaturan modernitatearen mugarri izan ziren testuez gozatzeko. Ez dira zaharkitu, gaztetan eman zidaten indar bera izaten segitzen dute.
Partehartzea bilatuko duzu zure berrirakurketan?
Oraindik ez dakit. Ohiko hitzaldi bat ez egiten saiatuko naiz, baina ez dut ezustekoek nire Arestiren berrirakurketa lausotzerik nahi.
Poesia hautatu duzu, ukitu ez duzun diziplina bakarra. Zure Aquilesen orpazurda al da? Edo sinpleki, egokia iruditu zaizu proiektu honetarako?
Zikloko euskarazko obra bakarra da, eta Mursegok egin duen Gloria Fuertesen berrirakurketarekin batera, Harri eta Herri da poesiaren gainean eginen den bakarra. Ez dut poesiarik publikatu, baina irakurle gisa askotan jotzen dut genero honetara. Asko interesatzen zait poesia. Beti iruditu izan zait prosa idazle bati oso ondo datorkiola poesia irakurtzea: erritmo eta melodiarik gabe, prosak nekez izango du maila literarioa.
Nola jaso duzu ekimenean parte hartzeko gonbita?
Badira urte batzuk Jon Benitok proposamen literario ezohikoak egiten dizkidala. Bere proposamen baten karietara sortu zen Eskarmentuaren paperak. Esker ona berarentzat.
Mentura dugun artean lanean berrirakurketaz diharduzu. Bisionarioa zu, Anjel?
Bartleby eskribienteak bezalaxe, berrirakurketa da adinean sartutako idazlearentzako destinua. Urteak igaro ahala berritasunekiko interesa itzaltzen da, oroimenean iltzatutako liburuetara berriz itzultzeko.
Ez dago komentariorik