Mariví Ibarrola argazkilaria Madrilen bizi bada ere, donostiarra dela dio nongoa den galdetzen diotenean. 1956. urtean Errioxako Najera herrian jaioagatik, Donostian hazi eta hezi zen, eta xehetasun hori da “Yo disparé en los 80” (Munster Records) liburuaren emaitza markatu duena. Editatu zenetik bi urte igaro diren honetan, merezi du hura berreskuratzeak. “Hamar mila argazki baina gehiago” baditu ere, 89 hautatu ditu, txuri-beltzekoak denak. Asko dira Euskal Herrian ateratakoak.
Azken urteotan iritsi zaio ama eta Carlos III unibertsitateko argazki-kazetaritzako irakaslea den Ibarrolari behin betiko aitorpen artistikoa. Bere garaian makina bat publikazio ilustratu zituzten bere argazkiek, hala nola: “Rockdelux”, “Ruta 66”, “Muskaria” eta “El Diario Vasco”. Baina, bizi dugun 80. hamarkadako ‘revival’-arekin oihartzun handia ari da lortzen.
“La Movida” mugimenduari buelta eman izana da bere lorpen behinena. Hobe ezina den mugimendu gisa saldu ziguten -eta hala izan zela dirudi- baina faltan genituen bertsio ofiziala irauliko zuten ikuspuntu berriak ere.
Liburuan ez dira hiriko anabasaren klixeak errepikatzen, eta gainera, haren begirada Malasañatik harago doa. Bide berari ekin diote beste batzuk ere: urte honen hasieran, TVEko bigarren katean 80. hamarkadan Galizian, Katalunian, Euskal Herrian zein Madrilen gertatutakoa azaltzen duten dokumentalak emititu zituzten. (LINKA)
Harrigarria da: Ibarrola izan zen lehena inolako interesik pizten ez zuen bidea hartzen. Urteak eman zituen ate joka, baina “inork ez zituen argazki horiek nahi” gogorarazten duenez. Patua zer den, “Yo disparé en los 80” liburuaren editorea den Iñigo Pastor bizkaitarra argazki horietako batean azaltzen da, Meteors taldearen kontzertu bat ikusten ari dela.
Euskal Herrian, Euskal Rock Erradikalaren hastapenetako ekitaldi baten lekuko izan zen (Egin egunkariak 1984ean Tuteran antolatu zuen jaialdia). Alaska eta Nacho Canut ere agertzen dira 1983ko Bilboko uholdeek eragindako biktimen omenez Anoetako belodromoan egin zen kontzertuan. Paloma Chamorro ere ikus dezakegu Derribos Arias-en liderra izandako Poch-ekin batera, 1986ko Gasteizko bideo musikal jaialdiaren bigarren edizioko epai-mahian.
Beste argazki esanguratsu bat, Poch, orduan Kortatu osatzen zuten Muguruza anaia gazteekin batera, sidecar batean agertzen denekoa da. Argazkiok ez dute bigarren asmorik, ez instagram edota photoshopik ere. “Yo disparé en los 80”-ren trukua, trukurik ez dagoela da. Egiazkoak dira. Egiatiak.
dokumentalak
Ez dago komentariorik