Urte asko daramatzagu “paperaren krisia” dela entzuten eta irakurtzen. E-bookak azaldu zirenetik, paperak bizitza hobe baterako saltoa egina zuela zirudien. 2012ko uztailean idatzi nuen nire blogean sekula ez nuela liburu elektronikorik erosiko. Bi urte geroago, Eneko eta Imanol Agirre anaia zarauztarrek haien bigarren denda ireki dute Donostiako Gros auzoko Zabaleta kalean. Nork esan du “paperaren krisia”?
Garoa ezagutzen ez dutenek jakin beharreko lehen gauza zera da: liburu denda hau ez da ohikoa. 1970ean ireki zuen Florrek Garoa denda Londreseko Foyles dendaz maitemindu ostean. Liburuak saltzeaz gain, Florrek ingelesa eta frantsesa irakasten zituen. 40 urte geroago, erreleboa hartu diote haren semeek, eta hizkuntzak ikasteko aukera eskaintzen ez badute ere, Imanol eta Enekoren bi liburu dendak elkargune interesgarri dira.
Garoan, liburuez gain, bi irakurle klub (euskaraz eta gazteleraz, Beñat Sarasolak eta Ruth Perez de Anucitak dinamizatuak), zine kluba (“paperezko filmak”) Begoña del Tesok dinamizatua eta Ainhoa Alberdik zuzendutako antzerki kluba elkartuko dira.Ekimen hauez gain, ohiko bihurtu diren “paperezko kontzertuak” ere izango dira uda honetan. Liburu aurkezpen eta hitzaldiek ere izango dute haien tokia bertan.
Enekoren aburuz, helburua kultur espazio bizia sortzea da, eta horretarako ezinbestekotzat du liburu eta literaturarekin lotura estua azaltzen duten ekimen kultural ezberdinak egitea. Guzti horri ere, osoigo.com-en zentratuta dagoen laborategi teknologikoa gehitu behar zaio. Hiritarren parte hartzea bultzatzen duen ataria da, non bertan, hiritarrek hainbat politikariei galderak egin eta azken hauek erantzuten dituzten. Ideia hau fisikoki gauzatu ahal izatea da; liburu dendan gosari irekiak egin ahal izatea.
Hasieran aipaturiko “paperaren krisia” dela eta, Enekoren iritziz egia da geroz eta gutxiago irakurtzen dela, eta hala, liburu gutxiago ere erosten dira. Baina familiaren tradizioarekin jarraitu nahiak ez du dirua egitea oinarrian (hori egin nahi izango banu, banku bat lapurtuko nuke, dio Enekok). Helburua gozamenerako zerbait egitea da.
Hau esanik, eta liburu dendako bezero fidel naizenez, onena desio diet.
Bizitza luzea opa dizut, Garoa! (Baita zuri ere, papera!)
Ez dago komentariorik