Argitaletxe bilbotarrak “Los 400 golpes de Astiberri. 2001-2013” plazaratu berri du, 12 urtez argitaratu dituzten 400 lanen errepasoa eginez: kontzientzia irauli digutenak (Joe Sacco) edota tarte on bat pasarazi eta hunkitu gaituztenak, Guy Delisleren munduaren kronikek eta “Arrugas”-eko Paco Rocaren zahar-etxe ezagunak kasu. Lan truffautiar honetan ageri da Silvio José ere, Torrente eta Forgesen binetetako funtzionario alferraren arteko nahasketa dirudien berrogei bat urteko gizon lotsagabe eta lodia, sekula lanik egin ez duena, eta aitaren etxean (aitaren kontura) bizi dena.
Neurri batean, gainontzekoei eragiten dieten ezbeharrez barre egiten duen espainiar tipikoa da. Horregatik da hain barregarria: Silvio José bezalakoak nahi genuke izan… baina ezin dugu. Gure ametsak betetzeko dago. Edozer egitera ausartzen da, ez daki lotsa zer den. Pijama lotsagarria eramaten du jantzita, gainontzekoak gaitzesten ditu bere ere badiren akatsen aitzakian, eta Chisparritas izeneko saltxitxa nazkagarriak irensten ditu. Pantera arrosak ere gustuko ditu, eta Steven Seagalen jarraitzaile sutsua da. Tipo inozo bezain maitagarria.
El Jueves-en bere istorioak argitaratzen zortzi urte daraman Paco Alcázar egilearen arabera, “etxe-abere eta madarikazio bibliko baten arteko nahasketa” da. “La Conjura de los necios”-eko Ignatius anakronikoaren tankerakoa da, baina Espainiako errealitate zabarrera egokitua. Astiberrik hiru argitalpenetan bildu ditu -“Silvio José Destronado” da hirugarrena- bere abentura guztiak, eta kultuzko fenomeno bat ari da bihurtzen; hainbeste non Santiago Segura eta Querido Antonioko Alberto Gonzalez ere bere jarraitzaile aitortu diren.
Segura bera, jarraitzaile sutsua da, “Silvio José Destronado”-ren sustapenerako prentsa oharrean bere baldintzarik gabeko maitasunaren berri eman baitzuen: “Erabateko lilura sorrarazten dit Paco Alcázarren lanak, obsesioraino doana (gure protagonistari Chisparritekin gertatzen zaion moduan). Bilduma berri bakoitza ospakizunerako arrazoia da niretzat. Ordaindu gabeko mezua da hau, zintzoa eta egiazkoa”.
Oraingo honetan, Silvio Joséren inguruan ibili ohi diren lagunei (zortea ematen dion Geypermanari itsatsita bizi den Federico Tejada; Sebastián Cubero, autoeskolako irakasle eroa; eta Máximo Cubero, zooko zuzendari maltzurra) ero koadrila berri bat gehitu zaie, berrogeita hamarrak atzean utzitako skaterra eta Eloy Pajares besteak beste. Egungo istorio erakargarrienetakoa dena marrazteko, politikoki zuzena ez den umoreaz eta lotsagabekeriaz baliatzen da pertsonaia makurrek erakartzen duten Paco Alcázar. “Nire barnean ezkutatzen den munstroaren isla da Silvio”, aitortzen du.
Ez dago komentariorik