Ez dira kontu berriak hauek, bapatean izar bihurtzen diren haur prodijioak, gerora eztanda egiten dutenak espazioan materia zabartuz, supernobak bailiran. Asko izan dira izartu eta puskatuak, eta ez soilik musika mundukoak, baita zinemagintzakoak ere. Nor ez da oroitzen “Solo en casa” filmeko protagonistaz? Blackie Books editorialeko “La canción de amor de Jonny Valentine”-ko protagonistak Justin Bieberren antza handia du. Jonathan Franzen beraren bermea darama Teddy Wayneren liburuak, chicagotarrak “bakarra” dela baitio eta James Francok aldiz, “xarmangarri” gisa definitzen baitu. Baliteke AEBtako aurtengo nobela onena izatea. Arrazoirik ez zaie falta.
Obra ez da pop megaizar baten biografia hutsa, errealitate okaztatze bat eta amei supermerkatu ertzeko euren bizitza zerria alde batera utzi eta semearen/alabaren haurtzaroaren kontura zelebritien parte izateko gomita baizik. Hori da milioikadak irabazten dituen hamaika urteko Jonnyri gertatzen zaiona. Bigarren diska kaleratu berri du, “San Valentine egunak”, eta biran da AEBtan zehar.
Hiri ezberdin batean egunero, errari, Jonny ez doa eskolara, Jonnyk ez du lagunik, eta baldin baditu baztertuta amaitzen dute, artista arazotan sar baitezakete. Jonnyk dena duela baldin badirudi ere, haur bakarti eta gajoa da. Harritzen erraza den ume bat eta erreferente heldu baten bila dabilena, batzuetan amarengan, inoiz ezagutu ez zuen aitarengan edo haien telonero bidaian doan banda indie-aren liderrarengan. Edo, nola ez, bere lagun bakarrarengan, bere bizkarzainarengan.
Bizitzan ematen duen pauso bakoitza salmentetan eta estadioak betetzen dituzten zale kopuruan neurtzen da. Industria musikalari kritika zorrotz bat da azken batean “La canción de amor de Jonny Valentine”, megaizar hauek marketing makinaria erraldoi baten doinuen konpasean ari baitira dantzan. Eta dantza horretan ez dago akorderik inprobisatuta, ez da haririk gabe jostorratzik sartzen.
Zer esan! Eleberri bikaina. Hunkitu, beldurtu eta asebeteko gaituena! Eta beno, seme-alabak haien ametsen baitako bihurtu nahi dituzten donostiar guraso horiei abixua: Ez ezazue halakorik egin. Errealitateak fikzioa gainditu baitezake, kasu.
(Bideoa Víctor Calzadaren laguntzaz, gure liburu dendako publikoa bikoizten espezialista)
Ez dago komentariorik