“Rolling Stones taldeak badu haserretzen nauen abesti bat: `It’s only rock and roll but I like it’. Nola esan dezake rock and roll-a bakarrik dela? Rock and Roll-a dena da!”, dio Iñaki Gonzalez Gurpegui historia irakasle eta “Travistiendo la ciudad: estilismos, música y diseño pop/rock” liburuaren editoreak. Aipaturiko liburua rock-aren historia eta honen estetikaren diseinua kontatzen dituen saiakera da. Irungo Arte Plastiko eta Kunsthal Diseinuen zentroan gaude eta Gurpeguiren sarrera pasionalaren ostean Tomás Carrascal Gallardo (tcgformacion@gmail.com) irakasle eta melomano praktikantearen energia eta emozioz beteriko erakusketa didaktikoaren ordua iritsi da.
45 minututan Carrascalek 1954 urtetik -zeinetan Elvis Presley-ek haren lehen aldiz grabatu zuen Memphis-eko Sun estudio famatuan- Youtube-ren garaiko, hau da, gaur egungo “guztiak balio du”-ra arte bidaiatu du. Tribu urbano, moda eta aztarna uzten duten hainbat estetikaren eskutik joan dira musikaren historiaren 60 urte; batzuetan modu lausoan, ez hain agerikoetan gure gizarte garaikidean.
Baina “egungo musika herrikoiak”, -hala da liburuan rock kulturari ematen dion izena- ez zuen hastapenetan zirkulu artistikoekin lotura zuzenik izan. Andy Warhol eta haren esperimentu laborategiarekin The Hacienda-ren garaia izan zen 80. hamarkadan gertatuko zenaren aurka, intelektualtasunak albo batera utzi zuen rock and roll-aren planoa “garrantzirik gabekoa, heldugabea, nabarmena, arrunta, kitsch… kontsideratzeagatik”.
Arteak eta rock-ak haien garairik onenak bizi izan dituzte eta “Travistiendo la ciudad” liburuak zehatz laburtzen du idilioa euren artean elkar konektatzen duten hainbat errekurtso bisualen bitartez (kronologiak, grafikoak eta mapak) eta duen tonu pedagogikoaz baliatuz.
Joe Strummer -Carrascal Clash taldearen jarraitzaile sutsua da- eta Joy Division taldeko Ian Curtis-i eskainitako liburua, Kunsthal-en eta Ondarra tabernan dago salgai. Ikasleei sormen tailer batean azaldutako 2009 eta 2013 urteen bitartean egindako ausnarketak ere biltzen ditu lan honetan: nola irudikatzen duzu hiri rockero, mod edo punk-a? Zer gertatuko litzateke gure arkitektoek aintzat hartu izan balute rockaren unibertsoko estetika?
Jarraian haren ikasleek burututako Donostia eta Iruneko irudi ikusgarrienak aurkeztuko dizkizuegu:
The Slam (Andrea Alday, Ane Aranburu, Deñe Izaga)
Rocker kulturak 50. hamarkadan modan zeuden kotxe eta motorrez betetzen du hiria. 1929ko Nautiko arrazionalistari 1959ko New York-eko Guggenheim museoko marra arkitektonikoak erantsi dizkiote. Konbinazio estimulagarria
Free way (Helena Casero, Ione Orbegozo, Casilda Romero)
Irungo hiritarrek hain faltan duten “bisera” autozine bilakatu dute; bertara, rocker mundura, pin-up neskek eta dinner batek ematen digute ongietorria.
Travestreet (Diego Aizpurua, Ander Sánchez, Sara Zamarro)
Mod-ak arro egongo lirateke ikasle hauetaz, izan ere, askok izan dute kontutan haien lanak burutzeko orduan. Suhiltzaileena izandako fatxadak, gaur Donostia 2016eko sede denak, mod dianaz baliatuz op art-a irudikatzen du.
Modtzaintza (Maite Basterra, Iosu Lazkano, Ainara Rodríguez)
Mod mugimenduaren euskalduntzea: dianaren koloreak (urdina, zuria eta gorria) ikurrinaren koloreengatik izan dira ordezkatuak. Vespa eta parka-etan dabiltza ertzainak, eta Irungo Uranzu pilotalekuaren lur eta paretan, musika programa ingelesaren “Ready, Steady, go” dioen errotulua ikus daiteke logoarekin batera.
La salvación de los carrujos (Juan Álvarez, Usoa Blanco, Irene Ramos)
Hippy kultura dugu hemen ikusgai. Gurera mila eta bat modutan iritsi den kultura. Proiektu honetan Haizeen Orrazia rollo ona azaltzen duen chill-out plaza lasaigarria bilakatu dute.
Yellow Butterfly (Iñaki Benito, Aitor Jauregi, Irene Urruzola)
Woodstock espiritua Jazzaldiaren jabe egin da denboran zehar eginiko jausi baten ondorioz. Hemen ere hippy kultura dugu ikusgai Kursaaleko kuboetan.
Familiar fatal (Alicia Folch, Antonio González, Jon Horma)
70. hamarkada hasieran eman zen glam mugimenduak aire freskoa eman zion orduan nagusi zen rock mugimenduari. Rock and roll mugimenduari anbiguotasun eta trabestismoaren kutsuak ezarri zitzaizkion. New York Dolls-ak glam estetikaren aitzindari izan ziren, eta ikusgai dauden ezpain gorriek haien lehenengo albumak dakartzate gogora. Looking for a kiss… Anoetan.
Bad girls (Laura de Carballo, Haiett Fornies, Jaione Ugalde)
Imajina dezakezue John Travolta disko musika dantzatzen Konstituzio plazan bertan? Halako zerbait da neska hauek azaldu dutena: 70. hamarkadako disko dantzaleku inprobisatua Konstin, afro ile eta argi deigarriekin diskoteketako bola handi bat irudiaren jabe izanik.
KSL (Joseba Alkorta, Ana Herrán, Sara Muñoz)
Hip Hop-a eta grafitia ezin liburu honetatik at gelditu. Kasu honetan, San Martin merkatuko fatxada 70. hamarkadan Bronx auzoan sortu zen zigilu alternatibo eta kaletarrarengatik izan da markatua.
Ez dago komentariorik