Hirugarren Reichean, debekatu egin zituzten 20. hamarkadan Berlinen bere lekua egin zuen komikigintza nazionala zein atzerriko komikien zirkulazioa. Alemania naziak “dekadentetzat” zituen binetak, eta hala, urte batzuk pasa behar izan ziren komiki industria egoki bat martxan jar zedin. 50 eta 60. hamarkadetan Ameriketako undergroundean eta Walt Disneyen marrazkietan oinarritzen ziren artista gutxi batzuek ekin zioten garai berriari.
Lan interesgarrienak herrialdearen mendebalde eta ekialdeko aldeak batu zirenean ezagutarazi ziren. Izan ere, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren parte ziren egile gehienak. Goethe Institutuak “Comics, Manga & Co. – Alemaniako komiki kultura berria”-ren bitartez, 90. hamarkadan sortutako artista belaunaldi berriaren lanak bildu ditu. Erakusketa Irungo udal liburutegiko bigarren solairuan zegoen ikusgai azaroaren 22ra arte.
Era berean, Irun Factory espazioan animazio alemanari buruzko zine sesioak proiektatu zituzten egunero. Ilustrazio iturri handienak merezi duen omenaldiak “deskantsu” urtea hartu du aurten bost edizio luzeren ostean. Hurrengo urtean baina, bi urtean behin egiten den Komikirunen txanda izango da.
Hain da handia Alemaniak komikiekiko duen interesa, non Goethe Institutuaren web orrian “Tiras cómicas en idioma aleman” deituriko gune bat dagoen. Komikietan aditua den Matthias Schenider komisarioa arduratu da Hamburgo eta Berlingo sorkuntza artistikoko eskolatan aritzen diren autoreen marrazkiak hautatzeaz. Komiki alemaniarraren onena dira lan hauek.
Sascha Hommer
Hanburgoko Zientzia Aplikatuen Goi Eskolan ikasi zuen Anke Feuchtenbergerren zuzendaritzapean. Arne Bellstorf, Marijpol eta Line Hoven ilustratzaileekin batera, ORANG deituriko komiki antologia bat sortu zuen. Aldizkari honek Alemaniako eleberri grafikoaren estandarteetako batzuk eman ditu ezagutzera. Alabaina, 2013ko otsailean argitaratu zen azken alea. Beharbada, egile bakoitzak bere bidea hartu du.
Hommerren lehen lana den “Insekt”-ek (2006) Kafkaren Gregorio Samsarekin antzekotasun handiak ditu: kasu honetan, Pascal animaliaren metamorfosiak arerio bihurtzen ditu haren lagunak, eta beste hiri batera joan behar izaten du. “Cuatro Ojos” lanean alde egin beharraren kontzeptua errepikatzen da. Oraingoan baina, agerikoak dira zertzelada autobiografikoak: Alemania hegoaldeko hiri txiki bateko errepresiotik ihes egiteko saiakerak kontatzen ditu bertan, drogak hartzearena esaterako. Haren liburuak ondorengo estekan bildu ditu Sins Entido argitaletxeak.
Arne Bellstorf
Bellstorfen unibertsoa zabal askoa da. Sentimendu eta emozioen intimitatean oinarrituta ekin zion bideari, baina gai unibertsalei buruz ere hitz egin izan du, esaterako, gizakiak naturan izan duen inpaktuari buruz. Bere lan nagusietako bat den “Alpha”-n, lehenengo hominidoa agertu arteko big-bangaren historia kontatzen du. Sins Entido argitaletxeak duela bi urte argitaratu zuen “Babies in Black” kontakizunean The Beatles deituriko batzuk eta 60. hamarkadako Hanburgo underground-a erkatzen ditu.
Bellstorf-en webgunean (www.bellstorf.com) bere azken lanak ikus daitezke. Hauetan, gazteentzako diren gaiak jorratzen ditu: tribu urbanoak, institutuko ikasleak eta mamuak. Edozein kasutan, gai guztiak ondo jorratzeko gai da Bellstorf. Handietako bat.
Isabel Kreitz
Hanburgokoa den autorea dugu hau ere, aipatutako aurreko bi idazleak baino belaunaldi bat zaharragoa. 1967an jaio zen eta New Yorkeko Parsons Diseinu eskolan ondu. Alemaniako gertakari politiko eta sozialei zein Bigarren Mundu Gerran jazotakoei heltzeagatik, publiko eta kritikaren errekonozimendua lortu du azken 20 urteotan. 1997an Hanburgoko Nazioarteko Jaialdian, komiki marrazkigile onenaren saria jaso zuen.
Espainian La Cúpulak argitaratu duen “El caso Sorge. Un espía de Stalin en Tokio”, geroz eta ezagunagoa da gure artean. The Spirit-en komikiak marraztu zituen Wil Eisner marrazkigile amerikarraren eragina nabarmena da lan honetan. La Cupularen eskutik, beste behin ere, 2011ean “Haarmann, el carnicero de Hannover, un asesino en serie” ezagutu genuen. 20. hamarkadan alemaniar gizartea hunkitu zuen psikopata bati buruzko istorio iluna da. Hannoverreko odolzale honek 100 biktima eraso zituen, eta horietako 27 hil egin zituela frogatu da. Peer Meterrek idatzi du gidoia.
Meterrek berak Frankfurter Rundschau egunkariarentzat egindako komiki bat ikusgai dago Irunen. Bertan “Spiegelen eskandalua” islatzen du, oinarririk gabeko kexa batzuengatik 1962an Gobernu federala birmoldatu zenekoa.
Martin Tom Dieck
Kreitzen adin berekoa den Dieck ere, Hanburgoko eskolako ikasle izan zen. Marrazkigile guztien artean afrantsesatuena da. 90. hamarkada erdialderako, French Seuil Editions-ek bere lanak argitaratu eta hark marraztutako binetak Lapin aldizkari frantsesean agertu ziren. Herrialde frantsesarekin duen harreman ona salatzen du haren webguneak, zeinak ingelesez eta alemanez gain, frantsesez ematen digun ongietorria. Haren estilo inprobisatuak dadaismo eta espresionismoaren zantzuak ditu.
Line Hoven
Hoven da komikigintza alemaniar berriaren itxaropen handietako bat. “Liebe schaut weg” (“Maitasunak beste alde batera begiratzen du”) bere lehenengo lana da nobela grafikoan. Jatorri estatubatuar eta alemana duen bere familiari buruzko lana da. Istorioak Bigarren Mundu Gerrak munduan, eta batez ere bi herrialde hauetan, sortutako garai asaldatua islatzen du. Lehen lan honek bere familiaren inguruko ikerketa sakona egitera eraman zuen Hoven, ahalik eta informazio gehien bildu, eta hala, harremanak bi aldeen arteko harremana nola eraiki zen azaldu ahal izateko.
Xehetasunez beteriko teknika zaindua darabil, eta badirudi txuri beltzez egindako marrazkiak hamaika modutan interpreta daitezkeela. Line Hoven Hanburgon bizi da eta Arne Bellstorfekin ezkonduta dago.
Ez dago komentariorik