Jakina da berezkoa duela Ayo Silver! promotorak hiperaktibitatea. 2013ko udazkenean, urte bakarra zuela, 50 kontzertu antolatu eta 5 disko editatu zituen. Zifra gorantz doa. Hiru kideak gelditu gabe aritu dira. Gainera, Dabadaba aretoaren irekierarekin -Alex Lopez-Allende eta Iñaki Otalora kide diren eta Donostia hankaz gora jarri duen aretoa- eskura dituzte boloak nahiz eta beste aretoetan aritzeari uko ez dioten egingo.
Maiatza hilabete mugitua izan ohi da Primavera Sound-ek dakarren korronte musikalaz gain, udako jaialdien atari ere badelako. Guztiarekin ere, Ayo Silver!-en eskaintza (eta adi, promotora bakarraz ari gera hizketan) egundokoa da: bost zita zoragarri 15 egunetan zehar. Hiru egunean behin kontzertu bat bihar bertatik hasita.
The Woolen Men (Le Bukowski, 17/05)
Hiru kideko talde honek –bi Oregon-eko eta bat Whashington-ekoa- Do It Yourself punk-aren filosofia aldarrikatzen du, eta pasaden urtean argitaratu zuen debut homonimoa. EP-ak eta single-ak biltzen ditu eta bertan haien lo-fi soinuaren freskotasuna, urgentzia eta energia biltzen dira. “Quick Trips” da haien azken EP-a, eta bertatik ateratzen da “Real Fx”-a.
Shannon & The Clams + The Parrots (Dabadaba, 19/05)
Talde honekin eman zion hasiera Ayo Silver!-ek haren ibilbideari. Shannon & The Clams hemendik askotan ikusi izan dugun duo cool-a da, baina ezinezkoa haietaz nekatzea. Buddy Holly-k hauek zuzenean ikusteko aukera izan balu, harro egongo litzateke influentzia argia izanaz. 50ko hamarkada garai berrietara moldatu dute. Parrots, ordea, garaje musika garaikidearen baitan murgildu den madrileko belaunaldi berria da, eta gurean, Dock of The Bay jaialdian ikusi ahal izan genituen Cooper taldearen aurretik.
Cosmonauts + Traumahelicopter + The Lookers (Backstage, Bilbao, 23/05)
Cosmonauts promotoraren beste talde fetitxeetako bat da, baita Burger Records-ek egin duen aurkikuntza handienetako bat ere. Pop-aren bat-batekotasun eta pasaje psikoldeliko luzeen (eta trinkoen) artean dabiltza haien doinuak. Haien aurretik Traumahelicopter taldea arituko da – hanburgesaren selloak fitxatu duen lehen talde europarra-, baita garaje baino, punk-ak diren The Lookers-ere. Aitzakia ona da Bilbora bertaratzeko.
Sean Nicholas Savage (Dabadaba, 26/05)
Oraindik asko dira kanadiar leun eta sofistikatuak Zarautzeko Modelo zineman eskaini zuen kontzertua gogoan dutenak. Pop erromantiko eta dotorea (batek baino gehiagok aurki diezaioke kursi kutsua) 80ko hamarkadan errotua. Boy George eta Prefab Sprout-en irudiak etor dakizkiguke gogora. Gogoangarria izango den beste gaubela bat.
Juanita y los Feos + Girl Band (Dabadaba, 30/05)
Ez gara exageratzen ari Juanita y los Feos Madrileko underground-etik atera den azken banda handia dela esaten dugunean. Frontman dibertigarri eta sexy-a da taldeko nagusia, eta haien hasierako garaje-punk doinuetatik pop ausart eta jostagarri batera igaro dira. Modu honetan, La Movida-ko Pegamoides eta beste hainbat talde gogorarazten ditu taldeak. 60ko hamarkadatik 80kora. Bestalde, Girl Band, noise soinuak post-punk doinuekin nahasten dituzten irlandar mutilak dira.
Ez dago komentariorik