Belle and Sebastian, La Buena Vida, Camera Obscura… Bassmatti & Vidaur-en diska berria deskribatzerakoan, “Melodías concertantes”, azkeneko 20 urte hauetan kaleratu diren erreferente pop mordoekin konparatu dute kritikoek. “Harritzen nau nola jende asko ari den influentziak azalera ateratzen, gure abestiak bigarren plano batean geratzen diren bitartean. Ez dakit zein den arrazoia baina benetan harrituta gaude”, dio Yon Vidaurrek, bikotearen soinuaren buruzagia. Bestetik, abeslari eta konpositore moduan personaje handia den Giorgio Bassmatti dugu, zein Kulturaldian elkarrizketatu dugu orain dela bizpahiru hilabete.
Dena dela, argi dago konparazio batzuek ez direla erraz ekiditzen. Bassmatti eta Vidaur donostiarrak dira biak, gazteleraz abesten dute, pop musika lantzen dute eta pop-rock josiriko “Apropósito” (2010) EP-a kaleratu ondoren orkesta kutsu elegantez beteriko zazpi kanta eskaintzen dizkigute oraingoan. “Melodías concertantes”, ekoizlea ere baden Vidaurren estudioan grabatu da mantso-mantso 2011 eta 2013 urteetan zehar. “Bere garaian erabaki genuen diska orkestala egingo genuela eta hala izan da. Baina ez genuen iraganeko mugimenduren bat kopiatu nahi… Hurrengo lana dub estilokoa izango da seguruenik eta ez dakit zerrekin konparatuko gaituzten”.
“Kanadiarra banintz eta bakarlaria Leonard Cohen aterako zen erreferentzi gisa. Edo Sean Nicholas Savage, zeinek daki”, dio txantxetan Bassmattik. Binilo moduan kaleratu du Jabalina diskoetxeak diska, 7 abesti eta 18 minutu eskax -“hobe horrela, ez dugu enpatxorik nahi. Esan behar den guztia esan baduzu zertarako galdu behar duzu denbora gehiago?”- eta Radio 3, nahiz komunikabide espezializatu eta publikoaren harrera zeharo positiboa izan da. Jaenera, Andújar herrira zehatzak izateko, eta guzti iritsi da donostiarren oihartzuna eta martxoan ospatu zen Madrid Popfest festibalean kopia ugari saldu ziren.
Doinu malenkonikoa du eta iparreko aireak jotzen du “Melodías concertantes”-en. Diskari hasiera ematen dion abestia “Luces y cruces” single digital fin eta zuzena da eta hasiera batean Bassmattiren ahots baxua asimilatzeko zailtasunak badaude ere bigarren edo hirugarren saio batean naturaltasun osoz gozatu daiteke, abestiak, azken finean, gailentzen baitira.
Gure artean pop musika ez dirudi mutil koxkorren gauza denik. Bassmati eta Vidaur ez dira jada 20 urteko gaztetxoak eta bion artean 80 urte inguru batzen dituzte. Baliteke xehetasun garrantzitsua ez izatea. Ospatu dezagun pop musika hementxe dagoela eta forma onean gainera. “Egia da pop kontzertuetara kanak dituzten pertsonak doaztela. Musika independientea eta bortitzagoa bada jende gazteagoa joango da. Baina bost axola pop estiloa gazte edo zaharren kontua bada. Kontzertuetatik musika taldeak sortzeko gogoarekin jendea ateratzen bada… primeran”, dio Bassmattik.
Ez dago komentariorik