Iban Lozano “Petit” ezizenarekin aurkeztu dute Igeldon elkarte kulturala bilakatu den olaitegi ohi batean. Haren ikusentzunezko proiekzioak eman dituzte eta Ibanek dio ipuinen modura eraturiko naif kutsua duten istorio txikiak direla. Aurretik, euskeraz eta erderaz, pare bat olerki errezital izan dira, Charlestone estiloko dantza saio aparta eta arratsaldeak bi kontzertuekin eman dio amaiera.
Iban, Dock Of The Bay Musika Zinema dokumentala festibalaren zuzendaria dugu Eva Rivera-rekin batera eta datorren edizioa laster iritsiko da, hurrengo urtarrilean. Guri asko gustatu zitzaigun “Stockholm” gomendatzeko hurbiltzen zaionik badago eta, ondo pentsatuta, ez da hain ideia txarra izan; kanta ederrak daude filman eta musika eta zinemaren arteako zubiak erakusten ditu nolabait. “Bada… ez dut ikusi”, aitortzen du Ibanek. Zortziak pasatxo dira eta segituan Frank donostiarrak Undermount izeneko eszenatoki inprobisatura igoko dira. Dena den badira jada Gasteszena-runtz abiatu diren apur batzuk bertan Los Coronas surf talde liluragarria egongo baita. Malasañako taldea Munduko surf talderik hobenetarikoa da.
Seguruenik, Undermount eta Gasteszena artean ez ziren 500 persona baino gehiago bilduko. Dock of The Bay-ek ez du izango Donostian antolatzen diren beste jaialdiek duten erakargarritasun komertzial eta oihartzunik. Gehiengo batek ez du berrirk izango ireki berri den Undermount edo Los Coronas eta Dock of The Bay-ri buruz. Baliteke garrantzi handia ez duten ekimenak izatea. Baina argi duguna zera da; Donostia pil-pilean dagoela.
Kultura gorantz ari da. Baina ez da atzoko gorakada izan. 2006. urtean, Manu de la Hoz Drum diska denda ixtera behartuta egon zen eta El Diario Vascori eskainitako elkarrizketan ikuspegi ezkorra deskribatzen zuen. “Gure burua Gijon eta A Coruñarekin konparatzen badugu ditugun gabeziak azalera aterako lirateke. Uste dut Donostian ekimen handiegiak bultzatzen direla eta eguneroko giro musikala aldiz mingarria da”. Baten batzuek hemendik alde egin zuten (genuen), besteak beste, bizitza kultural eta musikal intentsoago batez gozatzeko. Granadan eta Madrilen aurkitu nuen nik bilatzen ari nintzen giro osansugarri hori.
Denborak aurrera egin ahala, rolak guztiz aldatu egin ziren eta kanpotarrak dira orain gutaz inbidia dutenak. Hona adibide sendo bat: Luis J. Menéndezek, Mondo Sonoro aldizkariaren koordinatzailea Madrilen, ez du Kutxa Kultur maila duen indie festibalik kapitalean aurkitzen. “Egia hutsa da… ez dagoela”, aipatu zuen egun batean. Bigarren adibidea: rock and roll, pop edo musika indie kontzertuak antolatzen dituzten sustatzaileak Donostiari kasu gehiago egiten diote Bilbori baino. BBK Live eta orain BIME bezalako makrofestibalak kanpoan uzten ditugu, noski.
Musika maitatzen dugunontzat, Donostiako eguneroko planak benetan erakargarriak dira. Aste honetako agendan, esate baterako, asteartean Destroyer eta Kurt Baker kointziditzen dute bata bestearen ondoan, Gasteszenan eta Le Bukowski-n, alegia. Bat ala bestea aukeratu beharko da. Ez dago beste aukerarik. Faena handia. Eta honekin erlazionaturik, egun berean hainbat zuzeneko emanaldik kointziditzen dutela esan behar dugu. Aurreko ostegun gauean lau kontzertu interesgarri pilatu ziren! Nikki Hill, The New Mendicants, So Cow eta John Berkhout Napoka Iria-rekin batera. Ikusten denez, kontraprogramazioa musikala da ere bai.
Gaur egun Donostiak alde nabarmena ateratzen dio Gijón, A Coruña edo Granadari. Hare eta gehiago esango dut: ez dago 400.000 biztanle inguru dituen zonalde hobeagorik musika kontzertuak ikusteko. Eskaintza menperaezina dela esango nuke. Fenomeno bitxia da: kontzertuen sarrerak merkeagoak izaten dira hemen Bartzelonan, Madril edo Valentzian baino. Jakina denez garestienak gara erosketak egitera joaten garenean, etxe bizitza bat erosi nahi dugunean… Eta Gipuzkoa izango da Estatuko lurralde bakarra non doako festibalak ez dituzten instituzioak oraindik ezabatu (Jazzaldia, Andoaingo Rok Jaialdia, Irun Rock, Jazpana Fest!). Bizirik diraute. Miraria.
Ez du merezi duten atentzioa lortuko. Baina azkenaldi honetan bizi ditugun garai oparotsuen arduradun garrantzitsu batzuk Gasteszenan egongo dira hurrengo larunbata 14ean Musikagela Weekend Festibalean. Sustatzaile berriek euren experientziak azalduko dituzte, Iñaki Castro (Red Ribbon), Iñaki Estévez (Men of Rock) eta Álex López Allenderen (Ayo Silver!), kasu. Ikusentzunezko elkarteek ere parte hartuko dute hitzaldian, Ganora film eta Iban Lozanok, besteak beste.
Ez dago komentariorik