Gauza bera berriro egingo ez lukeela badio ere, nork daki! 2007an Paul Auster Donostiako Zinemaldiko epaimahai buru izan zenean, Zine Eskolako kurtso guztia Brooklyneko idazlearen “El Palacio de la Luna” liburua moldatzen jardun zuen. Ingeles irakaslea zen haren izebari testua itzultzeko faborea eskatu, eta Donostiara gerturatu zen. “Kursaaleko korridorean Austerrengana hurbildu eta gutun azal batean, gidoiarekin batera nik neuk idatziriko eskutitz bat eman nizkion. Bertan, gidoia emateko arrazoia ez zela komertziala esan nion, berak eduki zezala besterik ez nuela nahi. Hilabete batzuen buruan, Austerren idazkariaren e-maila jaso nuen Austerrek gidoia esku artean zuela eta gustura irakurriko zuela esanez. Harrezkero ez dut ez Auster ezta haren idazkariari buruz ezer gehiago jakin. Baina esperientzia polita izan zen”.
Sei urte beranduago, Paul Austerren atzetik ibili zen eta Zinemaldiko prentsa departamentuan hiru urtez jardun zuen Isabel Peñari (Zaragoza, 1983) Malagako Zinemaldiko Novel Gidoi Onenari eskainitako saria eman diote. “Stockholm” urteko film harrigarrienetakoa da, eta Madrilgo gau batean neska bat ezagutzen duen mutilaren istorioa kontatzen du. Gau eta egun bat dira klabe haien gazteen bizitzetan. Istorio honekin identifikatuta sentituko dira hainbat gazte urbanita.
Isabelek aitortu digunez: “jende askok dio gauza bera, baina guk ez genuen belaunaldi-film bat egiteko asmorik. Baina hala atera zaigu eta egia esan, badu zentzua. Hasteko, taldeko inork ez ditu 35 urte baina gehiago. Eta onerako edo txarrerako, gaur egun modu honetan erlazionatzen da gure adineko jendea. Guztiak izan gara, noizbait, filmeko neska edo mutilaren antzekoak. Filmeko lehen parteaz ari naiz”.
“Stockholm” filmak ez du bide erraza izan, eta haien kabuz moldatu behar izan dira filmeko sortzaileak. Caballo Films-ek, filmaren produktoreak, zinema sarrerak merkeago jartzearen aldeko apustua egin du. Modu honetan, gaur egun, 4,99 euroren truke ikusgai dago pelikula Valentzia, Mallorka eta Sevillako zinemetan. Haien asmoa, filma estreinatua izan den beste 12 zinemetara eskaintza zabaltzea da, eta haien artean Donostiako Príncipe zinema dago.
Aurrekontu oso baxuarekin atera dute proiektua aurrea, 215.000 eurorekin. Diru hau lortzeko ahalegin handiak egin behar izan dituzte; aurrekontuaren zati handi bat haien poltsikotik eta onerako zein txarrerako gaur egun oso erabilia den Crowdfunding-aren bitartez lortu dute.
Hori gutxi balitz, taldekideek denetik egin behar izan dute filmean. Rodrigo Sorogoyen zuzendaria izateaz gain, gidoilariaren laguntzaile eta produktore exekutiboa ere bada. Isabel Peña gidoilariak extra moduan hartzen du parte filmean, produktore kide eta ia denen “laguna” da. “ Hasiera batean, lan honek guztiak asko desanimatu gintuen arren, azkenerako, bedeinkazio moduko bat izan da. Izan ere, nahi izan duguna egin dugu hasieratik. Lan honetan hasi aurretik, gutako inork ez du hainbesteko askatasunik izan zerbait sortzeko garaian”.
Zaila da “Stockholm” etiketatzen: ez da komedia erromantikoa, ezta drama psikologikoa ere. Suspensea eta giro kezkagarria sumatzen dira. Gauak eta egunak bitan banatzen dute, baina ezbairik gabe, etengabeko genero nahasketa da film honetan interesgarria. Aitortu dutenez, “Antes del Atardecer, “Caché” eta “Revolutionary Road”-en eragina nabarmena izan da.
Gauza asko esan dira Stockholmi buruz: bertatik Madrileko erdigunea ikusten den azotea dela, ispiluko odola, giltzak, hiru galderako jokoa… Horren guztiaren gainetik, “Stockholm” bikote gazte baten elkarrizketa luze, deseroso, mingarri, eta bikaina da. Azken finean, hori baino ez da: festa batetik etxerako bidean edukitako elkarrizketa. Baina a ze elkarrizketa! Badirudi Malasañatik bertatik ateratako elkarrizketa dela. “Elkarrizketa batzuk `zorrotzegiak’ zirela ohartu ginen. Jendea orokorrean, ez da argia uneoro, eta ez genuen gure protagonistak halakoak izaterik nahi. Beraz, gidoiaren bertsio berri bat egin behar izan genuen. Elkarrizketak sinplifikatu, eta zinematografikoak atera ez badira ere, behintzat orain, errealagoak dirudite”.
Ez dago komentariorik