Carlos Marques-Marcet-ek azkar eta argi hitz egin du, oso argi du zer egin nahi izan duen eta nola egin duen. Umiltasunez mintzatu da haren erreferenteez, eta ez du beldurrik gidoia egiteko hartu behar izan dituen erabakietan laguntza izan duela aitortzean. Umiltasunetik, nabaria da harro dagoela egindako lan onaz. Filmak distantzia harreman bat du oinarri, 10.000 km-k aldentzen ditu bi pertsonaiak. Bartzelona eta Los Ángeles. Bideo-deiez elikatzen dute harremana. Bitxia bada ere, filmaketan bertan ere distantzian egin behar izan dituzte hainbat gauza. Esaterako, montatzaile batekin egin zuen lan paraleloki muntaiak prestatuz; eta sekuentzia plano bat planifikatzeko, EEBB-tatik egin zuen lan.
Zuzendaria bertan zegoen, izan ere filma zuzendu aurreti, muntaia lanak egin izan ditu hainbat pelikula amerikarretan. Eliza Hittman-en “It felt like love” filma aholkatu du bereziki, Sundance eta Rotterdam-en egondakoa. Asko ikasi duela azaldu du, eta zinema independentea atsegin duen gazteriak ondo hartu du. “Oso irekiak dira eta asko ikasi dut gazteria honekin montatuz”. Esperientzia baliogarria izan zaio, izan ere, film honetan ere aritu da muntaia lanetan. EEBB-tan bizi izanak ere lagundu du berezko bizipenak azaltzerako orduan, familia eta lagunekin egindako Skype bidezko konbertsazioak, adibidez. “Zuzenean autobiografikoa ez dela esaten badut ere nire bizitzako pasarteren bat ere esleitu dut filmean”.
Hasierako plano sekuentzia deigarriaz aritu gara Marques-Marcet-ekin. Produktorearen etxean grabatu zutela esan digu, eta aurretiko prestakuntza baten beharra izan zuela azpimarratu. Gidoiaren berridazketa osoa egin zuten zein plano txerta zitezkeen eta zeintzuk ez erabakitzeko. Rieletan lan egitea aukeratu zuten kamera eskutan izateak pelikulako hizkuntzarekin bat egingo ez zuela ondorioztatu ondoren. Zorionez, etxeko jantokitik gela guztiak ikus zitezkeen. Armairua idazmahai batengatik aldatu zuten ondo eman zezan. Aktoreekin hiru egunez aritu ziren beste leku batean entseiatzen. Aktoreek eskaini ziotena ikusita, aurreikusiak zituen kamera mugimenduak jarri zituen martxan. “Mugimenduak organikoak izan zitezen nahi nuen, sekuentzia plano bat azaldu, baina ikuslea horretaz ohar ez zedin”. Teknikoekin bi egun gehiagoz aritu ziren lanean eta, azkenean, hiru egunetan filmatzea lortu zuten. Bigarren edo hirugarren egunean errodajearekin amaitu zezaten aurreplaneatu zuten dena. Bigarren egunerako lortua zuten toma on bat, baina hamazazpigarreneraino jarraitu zuten.
Pelikularen erdia Los Angelesen kokatuta badago ere, bertan argazkiak atera eta 16mm-n (Google Maps-eko irudia beste irudiekin nahastuta) azaltzen den partea bakarrik grabatu zituzten. Proiektu artistiko hori, fikzioan protagonistak egiten duena, zuzendari berak 2011n egindako zerbait da. Behin eta berriz idazten den e-mail-a ere aurreko proiektuaren zati da.
Bideo-deien irudiak -Skype ez dela azaltzen du, markak ez baitzien baimenik eman haien filosofiatik kanpo gelditzen baitira azaldu nahi izan dituzten eszena ‘lotsagabetxoak’- modu errealean grabatu dira, lokalizazio ezberdinetatik. “Garrantzitsua zen interakzioa”. Set nagusian ekipoa zegoen, Red Epic batekin grabatzen, eta beste set batean zuzendari laguntzaile, makillaje arduradun eta sonidistarekin biltzen zen aktorea. Red Epic-arekin grabatzen zuten eta ordenagailu pantailak erabili ez badituzte ere, laguntza gisa izan dituzte. Soinua ordenagailuz grabatzen zuten, baita zuzenekotik ere. Batzuetan, bi soinuak nahastu dituzte doinu metaliko eta gizatiarrago bat lortu ahal izateko. Konbertsazio batzuetan ere soinu batetik bestera igaro dira efektu emozionala lortu ahal izateko. Seguraski hau zineman bakarrik aprezia daiteke ondo.
Iruditik kanpokoa garrantzia handikoa izan da pelikulan. “Ordenagailuaren markoak ez du pertsonak zapatilak, kaltzontziloak… daramatzan ikusten uzten”. Modu beran, etxetik kanpo gertatzen dena ere ez erakustea pentsatu zuten. Bestalde, bi hiriak etxeko apaingarri eta altzairuen bidez erakutsi nahi izan dituzte. Bartzelonan linea bertikalak; Los Angelesen, horizontalak.
Pertsonaia nagusiaren lan artistikoa teknologiarekin du zerikusia. “Bizitzen ari denaz nola hausnartzen duen erakutsi nahi izan dut irudien bidez, modu intuitiboan”. Teknologiak ere arduratzen zuen, baina erabiltzaile mailan. “Modu primarioan interesatu zai: non dago informazioa? Lainoa da, baina nonbait egon behar da, disko gogor… etab.-etan”. Aktoresak, Natalia Tena-k, gurasoengandik ikasi du gaztelera, baina Londonen jaioa da. Harry Potter eta “Juego de Tronos” sagetako partaide izan da. Kasualitatez eman zuten harekin, izan ere, hasieran zuten aktoresak uko egin zuen azken unean. Tenari filma aurkeztu eta libre zegoela esan zuen. Hala, gidoia aldatu eta atzerritar azentua jarri zioten, zuzendariak ez baitzuen forza zezan nahi, nahiago zuen neska natural ager zedin haren hizkeran.
Gidoiaren estrukturaz hitz egin dugu, puntu bateraino simetrikoa, espezialki bloke handietan. Azaldu digunez, ñabarduretan badira errima txikiak, nahiz eta gehiegi azpimarratu nahi izan ez dituen, ezabatu ere egin dituzte batzuk. Pelikulako erreferentziarik nagusiena “I fidanzati” izan da, Ermanno Olmi-rena -tentuz egindako konparazioa maisulan gisa baitu hura-. Argumentalki badaude antzekotasunak, baina 1963ko filma izanik, ezin da egun dagoen berehalakotasuna azaldu.
South by Southwest jaialditik pasa izana da giltzarria. “Ate asko ireki dizkigu honek EEBBtan, filma udazkenean estreinatuko da”. Pelikulak bat egin du zinema indie-arekin. Aurrekontuari dagokionez zera dio: “Aurrekontu gutxiko filma bada ere, TVEn sartu izanarekin zorte handia izan dugu, izan ere, argi genuen talde osoari ordainduko geniola. Sartu izan ez balitz, ziur aski, berdin egingo genuke, baina ez dezagun ahaztu jendeak bizi behar duela. Zenbat denbora iraun dezakegu debalde lan egiten?
Ez dago komentariorik