Ez dut hemen hipster hitzaren jatorria azalduko, izan ere, jakin, badakizue. Hain ondo gainera, non gaurkotasunarekin zer ikusi gutxi duela ere ezaguna duzuen. Arrazoi honengatik, bost axola dio Jarmusch-en banpiroak atzoko edo gaurko hipsterrak diren edo ez. Horietako bat bazara, edo hauen munduak interesa pizten badizu, zazpi arrazoi dituzu film hau ikusteko.
.
1- Jarmusch
Zuzendaria Jim Jarmusch jakitearekin bakarrik, baduzu filma ikusteko aitzakia. Sundance-k modan jarri aurretik, Jarmuschek jada egiten zuen zinema indie-a. Bill Murray-en alderdi alternatiboaren hiru arduradunetako bat da Wes Anderson eta Sofia Coppolarekin batera. Hipster den orok maitatu beharko luke, publikoki.
2- Musika alternatiboa
Bikaina da beti Jarmuschen filmetako musika, eta batez ere, minoritarioa. Oraingoan ere, ezin gutxiago izan. Hasteko, zuzendariaren musika taldearen, Sqürl, kantak daude. Jarri arreta taldearen argazkian, badu zeresana.
Gainerakoan, filmaren soinu banda gehiena Brooklyneko artista holandar ezezagun batena da, Josef van Wissem-ena. Lauta jotzen du honek. Brooklyn. Holandarra. Lauta. Ez dut gehitzeko ezer gehiago.
3- Benetan erabilgarriak diren super botereak
Dirudienez banpiro hauek azkar eta inteligenteak dira. Ez dakit gizagaineko indarra duten, izan ere, filmean ez dute indarraren beharrik, baina Tilda Swintonek badu don berezi bat: gitarra bat ukitze hutsarekin 1905eko Gibson bat dela daki. Ezinegon bat baino gehiagotik atera zaitzake ibiltzen zaren inguruaren arabera.
4- Gauerako eguzkitakoak
Harro dagoen hipster batek betaurrekoak soinean izango ditu itzalaldi bat egonda ere. Seguraski ikusi dituzue taberna zulo ilunenetan, eta hala ez bada, hipsterrak zuek zaretelako izango da. Jarmuscheko banpiroek, fotofobiaren aitzakiarekin, beti daramatzate soinean bai gauetan eta baita garito alternatiboetan ere.
5- Bildumazaletasuna
Tom Hiddleston-en pertsonaiak etxean duen binilo bildumarekin, Dabadaban azoka zoragarri bat montatu ahal izango genuke. Gitarrak, aparatu elektrikoak… biltzen ditu. Hilezkorra duen bizitza arte musikalaren klabeak biltzera zuzendu ditu, XX. mendea izanik interes gune behinena. Liburu zaharrek ere badute lekua bere bilduman. Bestalde, ikus-entzunezko txiringito ederra du montatuta gutxienez 50 urte dituen telebista batekin. Honekin bideokonferentzia modernoenak sortzen ditu.
6- Vintage arropa
Bikote protagonistaren janzkerarekin gozatu ederra hartuko lukete Londres hotelean montatu zuten Vintage Market-en arduradunek. Mutilak ez du inongo momentuan duela mende batzuetako txalekoa gainetik kentzen. Neskak, gainera, ukitu exotiko neohippie-a ematen dio noizkoa den ez dakigun arroparekin. Hipster baten helburua amonaren arropa eramatea bada, ez dago hilezkortasuna bezalakorik, zure arropa amonaren bera da.
7- Underground
Mainstream den ororengatik protagonistak sekulako higuina sentitzen du. Abeslari bati egiten dio erreferentzia “onegia famatua izateko”-rekin. Bere musika jendearen belarrietatik urruti mantentzen dela ziurtatzen du, ez du arrakasta lortzeko inongo interesik. Iraganean, bere musika beste batzuei utzi ere egin izan die hauek arrakasta lor zezaten. Oso ona da, baina arrakasta ez zaio gustatzen. Zorrotz darama bere filosofia.
Guzti honi azaltzen duen nihilismoa, bere txeregabetasuna, apatia eta soziala ez den jarrera gehitzen badiogu, guztia dugu. Amaitzeko, Donostiako Trueba zinemetan filma bertsio originalean ikusteko aukera dago, hala beraz, ez duzu aitzakiarik.
Ez dago komentariorik