Anekdota batekin hasiko naiz. Donostian, eguzkia ezkutatu eta ordu batzuetara gertatu da ondorengoa: Atari tabernako barran, zinemak bizi duen egoerari buruz ari da solasean bikote gazte bat. Hasieran, badirudi solasak ez duela inolako helbururik, denbora pasatzearren ari dira honi buruz hizketan. Baina gutxinaka eta nahigabe, solasa indarra hartuz doa. Zinema bitxia da, dio gizonak zinemak berak garai hobeak bizi izan dituela gogoratuz; azken urteetan sarreren prezioa IPC-a baina bi aldiz gehiago igo dela ere, aipatu dio bikoteari. Nonbait irakurri omen du. Gauzak horrela, nola joango gara zinera? Solasari etena emanez, “gin tonic”-a eskatu dio tabernariari. Kopa horren prezioari buruz, ziur aski, ez du inon ezer irakurri. Zerbitzariari ere ez dio prezioaz galdetu. Eta bai, asmatu duzue: zinemako sarrera baina garestiagoa da.
Beno, aitortzen dut, aurreko anekdota fikzioa da. Baina ez da gezurra. Orain, beste anekdota bati ekingo diot, eta oraingoa bai, uste dut egiazkoa dela. Pentsamendu laterala azaltzeko klasiko bat da. New Yorkeko etxe orratz batean lan egiten zuten langileak igogailuaren moteltasunaz kexatzen ziren. Igogailuak azkarrago batzuekin ordezkatzeko aukera garestiegia zen eta beraz, psikologo bati igogailuetan ispiluak jartzea bururatu zitzaion, jendea entretenitu zedin. Burutazio honek funtzionatu zuen, izan ere, benetako arazoa konpondu zuen: jendea aspertu egiten da igogailuetan. Anekdota honekin bat egiten duen egoera bizi dugu egun: zinema garestia denaren ideia eta sarreren prezioa merketu beharko zenaren ustea zabalduegia dago. Zinemaren industriak eman dio erantzuna arazoari: sarreren prezioa jaistea (igogailu azkarragoak).
Ez dakit erantzuna errentagarria izango ote den. Momentuz, ekimena martxan jarri zen lehen asteazkeneko zifrak onak dira: saldutako sarreren zenbakia %136 egin du gora aurreko asteazkenekin alderatuta, eta honek bildutako dirua %65 egn du gora. Hala ere, zifra hauek esanguratsuagoak izango dira epe luzera. Ez dakigu ekimen hau hurrengo asteazkenetan ere mantenduko den, ezta zein eragin izango duen honek asteko beste egunetan ere. Ezin asko jakin oraindik. Errentagarria izan dadin espero dut, baina aurreko asteazkeneko zifrak mantentzea zaila izango da. Gogoan dut Ricardo Aldarondok zinemaren festari buruz idatzitako artikulu bat.
Hala ere, ekimen honek gehiago balio izango du, nire ustez, zinemak benetan duen arazoa konpontzeko: zinemara joateko ilusioa berpiztea (jendea ez dadin igogailuetan aspertu). Ekimen honek ikusle berriak gerturatzeko, eta jada bezero zirenak pozik mantentzeko balio badu, ongi etorria izan dadila. Baliteke modu honetan zinema aretoak gaztez betetzea, eta hala, gazteek pantaila handiak eskaintzen dituen abantailak gozatzeko aukera izango dute. Bikaina litzateke hori. Baina ezkorra naiz. Usurbil eta Iruneko Cinebox-ek astelehenero 4 eurotan eskaintzen dituzte sarrerak. Hau da, asteazkenetako ekimen “berri” honek eskaintzen duena, eskaintzen dute hauek astelehenetan. Hala ere, Cinebox katea galera handiak pairatzen ari da. Izan ere, zinema areto hauek ez dira inoiz bete izan astelehenetan. Antiguo Berri-ko zinemetara ere 5,50 euroren truke joateko aukera dago astelehenetik ostiralera. Bonoak ere eskaintzen ditu, puntu bidezko txartelak… Deskontuak jada existitzen dira. Lortu beharrekoa beraz, ez dira eskaintza gehiago. Zinemara joateko plana interesgarri delako kontzientzia piztea da lortu behar dena.
Baina ez gaizki ulertu nire hitzak, hartutako neurriak egokiak iruditzen zaizkit. Hasteko, zinema eta distribuidorak bat egin, eta irtenbidea aurkitzeko bideari ekin diote. Saiatzen ari dira. Bestalde, ikuslearentzat opari bikaina dela iruditzen zait, beherapenak beti dira ongi etorriak. Baina hala ere, Truebako Ostegunak bezalako ekimenak dira gehien interesatzen zaizkidanak. Izan ere, zinemazaleen komunitatea sortu, mantendu, ilusioa piztu eta sare sozialetan oihartzuna izatea lortzen dute halakoek. Zinemak hemen bizi duen egoera beste hirietakoa baina hobea dela pentsatzeko gakoa Zinemaldia dela uste dut. Ohitura bat beharrezkoa da. Eta aldi berean, beharrezkoa da nerabezaroei zuzendutako ekimen bat -sentitzen dut, baina ez dakit zein-. Aretoek eskainitako filmak ere kalitate onekoak izan daitezen ere, ezinbestekoa da, eta hau, ez dute zinema guztiek betetzen.
Ez dago komentariorik