“Finantzazioa da buruhausteak sortzen dizkigun beste aferetako bat. Organizaziotik, edizio guztietan hartzen dugu auzi hau ziurgabetasunez. Babesle pribatu nahiz erakunde publikoen eskutik hainbat laguntza jaso baditugu ere, ezin izan diegu gastu guztiei aurre egin, eta hala, erakundetik ere, finantziazioaren parte bat jarri behar izan dugu. 2014ko edizioa prestatzen ari garen honetan, kultura arloan egin diren murrizketak pairatzen ari gara.”
Arazoa honakoa da: kultura lehentasuna izateari utzi dio erakunde publiko eta pribatuen artean. Krisia dela eta diru laguntzak eten dituzte. Dirudienez, jada ez dute interesik, ez lehen adina, behintzat. Beste hainbat kultur eragileren antzera, Dock Of The Bay musika dokumentalen jaialdiak ere crowdfundingera jo behar izan du, zeina baliabide ekonomikoak biltzeko tresna eraginkorra den.
www.queridoantonio.com-ek esan moduan, ezkontza da crowfundingik zaharrena.
Dock Of The Bay-ren kasuan, www.verkami.es -en eskegi dute haien proiektua. Bertan, jaialdiak zertan datzan, finantziazio indibidualera jotzeko arrazoia eta jasotako laguntzak zertara bideratuko diren azaltzen dute. 7.500 euro bildu nahi dituzte. Jada 2795 euro eskuratu dituzte, eta urriak 16 den honetan, 24 egun dituzte falta zaien dirua lortzeko. Oraindik baduzu laguntza emateko aukera hemen sartuz gero.
Argi azaltzen dute: “Ez dugu irabazirik lortzen, jaialdiak sortutako gastuei aurre egiteko finantziazioa bilatzen dugu soilik. Jarritako 7.500 euroko helburua gainditzen badugu, programazioa zabaltzeari ekingo dio jaialdiak”. Bideo bat ere burutu dute jendea laguntzera bultzatzeko.
Crowdfunding edo mikromezenasgoak elkartasun sentimendua sustatu du indibidualismo eta deskonfiantzaz gainezka dagoen eta gainontzekoen lorpenez jeloskor jartzeko joera duen gizarte honetan. Sentimendu berri hau onuragarria da. Aldi berean baina, lorpen honek errealitate latz bat estaltzen du. Izan ere, hiritarrak dira erakunde publikoen eginkizuna betetzen ari direnak (babesle pribatuen laguntzaz, noski).
Dirudienez kulturaren sustapena eta babesak ez du loturarik guztion ongizatearekin, luxua besterik bilatzen ez duen elite batekin baizik. Alabaina, aurrerakoia izan nahi duen gizartea, ezagutza eta balore kulturaletan hezi behar da. Entretenitu eta ongi pasatzeko beharra dugu, eta baita pentsamendu eta izpiritu kritiko bat garatzekoa ere.
Hori da zehazki kulturak ematen duena. Ez gabiltza, beraz, garrantzirik gabeko gauza batez hitz egiten. Ez dugu ahantzi behar, crowdfunding kanpaina arrakastatsuen atzean, ekimena laguntzeari uko egin dioten gobernua eta jaialdia behar bezain komertziala iruditu ez zaion garagardo marka bat daudela.
Aurrera, Dock Of The Bay!
Ez dago komentariorik