Ez da ohikoa zuzendariengan Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak erakutsitako umiltasuna azaltzea. “80 egunean” haien azken filmarekin euskararen enbaxadore sentitu zirela esatean, kontu handia erakusten dute barkamena eskatzeraino iritsiz. Alabaina, ahots batez esan zezaketen “80 egunean” filma nazioarteko hainbat zinemalditan ikusi baita, eta Frantzian 15 zine aretotan ere proiektatu dute. Bestalde, “80 egunean” filma estreinatu zutenetik lau urtetara. Asturiaseko zineklub batetik deitu zieten filma proiektatzeko baimena eskatuz.
“Loreak” filmerako izan dituzten erreferenteak zeintzuk izan diren azaltzeko ere apaltasuna erakutsi dute. Hitchcock aipatu dute, ainen bat bailitzan bezala. Goenagak azaldu digunez, zuzendari hau gogoan izaten dute “istoriora gerturatzeko ikuslearengan pentsatzen dugunean. Zein informazio duten hauek eskuartean, zer dakiten. Ez da suspentsea, baina baditu thriller-etako hainbat ezaugarri”. Kieslowski ere izan dute ahotan, “Kieslowski-rik Hitchock-tarrena” hain zuzen ere. Honen adibide gisa “No amarás” filma jarri dute, zeina azaldu digutenez -apaltasunez beste behin- oso present izan dute. Mark Romanek-en “Nunca me abandones” filmari ere egin diote haien omenaldi estetikoa -nahigabe izanik ere- amaierako kredituetan. Presenteago izan dute, planoen konposaketari dagokionez, “Utopía” telesail britaniarra.
Filmaren ideia Goenagarena izan da. “Irudi batetik izan da sortua, hasiera batean izenburua izan zena,`Loreak errepidean´, pentsatu genuen lehenengo. Kotxean goazela ikus ditzakegu lore hauek. Irudi iradokigarria, beti galdetzen diogu geure buruei zer egongo ote den horren atzean. Hortik abiatuta hasi nintzen istorioa idazten”. Bi zuzendariek diotenez, sinbologia garrantzitsua da film honetan. “Menopausia goiztiarra sufritzen duen berrogei bat urteko emakumeari buruzko filma da. Astero-astero loreak jasotzen ditu bere etxean nork bidaltzen dizkion jakin gabe. Lore hauek jasotzean ilusionatzen hasten da bere bikotea ez bezala, honek zeloak baino ez baititu sentitzen. Giro dezente ditu filmak, eta puzzle baten egitura berekoa da.”
Puzzle izaera honek zuzendariei filma muntaian birsortzea eragin die. Garañok esan digunez, “gauzak moztuz eta ordena aldatuz, kontatu nahi genuen istoriora bueltatu garelako sentsazioa izan dugu”. Hala izanik, hainbat sekuentzia kanpo gelditu dira, eta hain da horrela non aktore batzuk azaldu ere ez diren egiten. Hasierako 2 ordu eta 22 minutuak, 98 minututan gelditu zaizkie. Pelikularen gaiari buruzko nahasteak sortu ditu honek. Izan ere, komunikabideetan zulo bateko hondarren irudia erakutsi eta filmaren gaia memoria historikoaren ingurukoa dela esan zuten. Alabaina halako irudirik ez dute azken muntaian jarri. Memoria historikoaren gaia ez da film honetan azaltzen. Izan ere, zuzendariek azaldu moduan “istorio intimistatik ateratzen gaitu gai honek”. “Hala ere, memoriaren gaia lantzen da hau nola manipulatzen dugun azalduz, honi nola aurre egiten diogun kontatuz, gogoratzen duguna egia ote den galdetuz”.
Euskaraz egindako zinemaz hitz egin dugu. Garañok bere iritzia azaldu digu: “Euskaraz film gehiago egin behar direla uste dut, eta garrantzitsua da ETB-ren laguntza. ETB-rengatik izango ez balitz, ezingo genituen egin. Badago gurean, arrazoia euskara izanik, film hauek ikusten ez dituen jendea; eta kanpoan are gehiago dira. Honek komertzialki ez ditu film hauek bideragarri egiten. Zentzu horretan beraz, erantzukizun handia dugu zinemagileok. Horrez gain, krisi egoeran gaude eta kultura aportazioak gutxi dira. Hau horrela, bikoitza da sentitzen dugun erantzukizuna. Ezin diogu publikoari huts egin, izan ere, aurrekontuaren zati handi bat publikoa da. Ez da gure dirua, guztiona da”. Hala ere filmatze saioan zehar halakoez ahaztu egiten dira, bestela ezinezkoa litzaieke lana aurrera ateratzea. Haien lana ahalik eta hoberen egitean zentratzen dira.
“Asko mugitu gara film honekin eta hizkuntzaz eta Euskal Herriaz galdetu digute leku guztietan. Handiustea irudi lezake, baina hizkuntza eta herriaren enbaxadore izan gara.” Hala azaldu digu Garañok isiltasuna bere egin duen arte, amaieran baina “enbaxadore hitza oso gaizki gelditzen da!” bota du. Argi dute proiektu hauek diru publikoa dutela beharrezko “hala beraz, beste modu batean itzuli behar dugu faborea, zerbaitegatik inbertitzen dute halakoetan. Egin dezala ekarpena,beraz, zentzuren batean; izan hizkuntza, gaia…”.
“80 egunean” filmak zinemetan izandako presentziari buruz hitz egiteari ekinez, kanpoan hemen baino gehiago ikusi dela esan digute. “Hainbat zinemalditan egon ostean, Frantzian, Polonian zein Norvegian ere estreinatu da. Guretzako egindako zerbait bada ere, besteentzako ere izan daitekeela ikusi dugu. Euskal publikoarekin bakarrik ez kontatze horrek motibatu egin gaitu”. Hala ere, Euskal Herritik kanpo, Espainian, Madril eta Bartzelonako areto bakarretan estreinatu zen. Hala ere baliteke horren arrazoia bertsio originala minoritarioa izatea dela. Azaldu dutenez “Loreak” filma bikoiztu egingo dute, eta komertzialki estreinatu baino lehen, zinemaldietara jo nahi dute. Izan ere, “80 egunean”-ek esperientzia aberasgarria lortu du halakoetan, eta beharbada hobe zuketen aretoetan beranduago estreinatu.
Azkenik, umiltasuna albo batean utz zezaten eskatu, eta publikoari filma ikustera joateko arrazoiak emateko eskatu nien. Goenagak hala azaldu zuen: “Giro askoko filma da, eta thriller-a ez bada ere, misterio txikien bidez publikoa lotuko du. Bestalde, publikoari zer pentsatu emango dio film honek interpretazio ugari atera baitaitezke bertatik. Aktoreen lana ere bikaina da eta irudiei dagokienez, oso film polita da.” Garaño bat etorri da Goenagarekin, eta filmarekin pozik daudela azaldu du. “Feedback ona egon da”.
Ez dago komentariorik