“Gente en sitios” zinema espainiarraren anomalia bat da. Kritikak goretsi duen filma; urteko film hoberenen zerrendan dago; Munduko jaialdirik garrantzitsuenetakoa den Torontoko jaialdirako izan zen hautatua (filma amaitua izan aurretik), eta Zinemaldian ikusteko aukera ere izan genuen. Hala eta guztiz ere, Goya sarietarako izendatze bakarra ere ez zuen jaso, eta zinema aretotan oso presentzia eskasa izan du. Alabaina, ahoz aho zabaldu eta zirrara eragiten ari da. Truebako Ostegunek baina, filma bera eta Juan Cavestany zuzendaria ekarri dute gurera. Aukera ona da anomalia honen atzean ezkutatzen dena nor den jakiteko.
Anomalia honen arrazoia filmografiara joaz aurkitu nahi du askok, baina zuzendari gisa egindako lehen filmak argitu ordez, nahasi egiten gaitu: “ El asombroso mundo de Pocholo y Borjamari”. Badirudi ez dela zuzendari bera, baina galdetu eta erantzun argia eman zidan. “Film hau egin nuen garaian, ‘Saturday Night Live’, Adam Sandler, Ben Stiller… umoreak txunditzen ninduen. Umekeria hutsa izan zen film hori, estimua diot… baina ez genuen halakorik egin behar”.
Hau esan ostean, filma gustatu zitzaidan galdetu eta nik… ez nion gezurrik esan. Baina berdin dio, Cavestany tipo zentzuduna da eta ondo daki zer egiten duen. Zentzutasun eta seriotasun honek aipaturiko film honen umore surrealista eta arraroarekin kontrasta dezake. Egun, Cavestanyren umore erreferente bakarrak ez dira “Sarturday Night Live”-ak. “Asko hitz egiten da egun post-umoreaz, eta hau hori dela diote. Argi ez dagoen umorea, deserosoa dela dioen etiketari erantzuten dio umore mota honek. ‘The Office’ asko gustatzen zaidan telesaila da. Gerora, Ricky Gervais-enganako interesa galdu nuen probokazio handietan sartu baitzen. Hala ere, Gervais-ekin telesail hura idatzi zuen Stephen Merchantek, asko gustatu zaidan beste telesail bat idatzi zuen, ‘Hello Ladies’. Sitcom-en umorea da egiten ez dakidana. Telesail klasikoak gustatzen zaizkit, baina ez dakit halakorik egiten. Monty Python gustatzen zait. Miguel Nogerak liluratu egiten nau.”
Aipatutako umore hartatik sortu du azken lana, baina Kafkaren unibertsoaren influentzia ere izan du. “Garai haietan Kafkari buruzko tailer bat egin nuen ezagutzen ez nituen bere testu motzetan oinarrituz. Hala, zineman testu motzek zein arrazoiengatik funtzionatzen ez duten pentsatzen hasi nintzen. Gainera, Kafka literaturaren maila gorenean dagoen idazlea iruditzen zait, eta izugarri miresten dut sortzen duen unibertsoa.” “El puente” kontakizuna izan zen pelikulako istorioetako bat sortzeko aukeratu zuena. Izan ere, hori izan zen gehien gustatu zitzaiona. “Prosaz egindako poema oroitarazlea da, garaitua den gizona eta haren erresistentziari buruzkoa”.
Aurrekari hauetaz gain, oinarrizko hiru premisetatik abiatu zen: sakabanatutako eszenak, gidatzen gaituen haririk ez izatea, eta jende ugari azaltzea. 80 pertsona inguru azaltzen dira pelikulan. “Ahalik eta jende gehien atera zedin nahi nuen. Jende berria, harrigarria”. Heren bat famatuak dira, beste heren bat antzerki eta telebistako aktoreek osatzen dute, eta azken herena ezezagunek betetzen dute. Erraz jarri zien aktore hauei, hauen arabera antolatu baitzituen errodaje egunak. Hala, astean lan egun bakarra izan zuten sei hilabeteetan zehar.
Gidatzen duen haririk nahi ez izatearen arrazoia honela azaldu zigun: “Bizitzak gurutzatzen diren film batean, soberan dago gidatzen gaituen hori. Hala ere, banekien halako zerbait egon beharko zela, bestela, Youtubeko bideoen kolekzioaren antzeko zerbait izango litzake, eta hala ikusten du jende askok. Ari gidatzaile horren definizio egokia ‘konponbideak bilatzen dituen jendea’ litzake. Krisi txikiei, oker aditze, existentziaren zailtasunei emandako konponbideak. Bizirik irauteko erak bilatzean datza film honek. Hori da filma azaltzeko modu bat, baina badaude beste hainbat ere, izan ere, alderdi asko biltzen dituen film labainkorra da. Toronton Espainiako krisia azaltzen duen film gisa ikusi zuten. Filma azaltzeko beste modu bat da, krisia bizi eta pairatzen dut nik, eta beharbada, inkontzienteki bada ere, islatu egin dut hau filmean”.
“Azaleratu nahi dugun zerbaitetik sortu ohi dira gertakari guztiak. Ez dago garapenik”. Cavestanyk ez zuen bere filma laburmetraia pilaketa izaterik nahi . Horretarako, estruktura ere kontutan hartu beharreko zerbait zen. “Ordu asko eman genituen eszenen ordena zein izango zen erabakitzen. Muntaia jariakor baten sentsazioaren bila joan nintzen filma unitarioa izan zedin nabarmentzeko. Bat egiten zuten eszenak hautatu, eta gero, bat-bateko aldaketa eragingo zuen zerbaiten bila joan nintzen. Bien arteko konbinazioa”. Torontoko jaialdiaren ostean gainera, eszena batzuen ordena aldatu zuten.
“Gente en sitios” baliabide minimoekin grabatu zuten: Panasonic kamera txikia, “oporretara eramaten dugun kamera”. Hala ere, jatetxeko hasiera irudikatzen duen eszenan, amaiera aldera kotxean dagoen neskaren eszenan taxuzko Canon kamerak 5D, 7D ere erabili zituzten. Baina esan bezala, eszena gutxi hauetatik at, dena izan zen bere kamera txikiarekin grabatua. Eszena batzuetan ere, egiturak nahasten dira. “Egia esan, berdin zidan”. Aurretik egindako pelikuletatik ikasi du kamera txikiek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzen. “ ‘Dispongo de barcos’ eta ‘El señor’ filmetan itxusikeria gehiago azaltzen dira, hemen ordea, askoz ere zainduagoak daude”.
“Gustatzen bazait ere, errudun sentitzen naiz. Amateurismo sentsazioa zabaldua dago, eta jende askok ez du onartzen. Kamera hobeak erabili eta gauzak hobe egiten ikasiko dut”. Hala ere, gogorarazi digunez, pelikula “normalak” egin ditu; talde handi, iluminazio, operadore etabarrekin baina han emandako orduak itomena besterik izan ez zirela dio. “ Pelikula “normal” horietan egunean 8 ordu behar dituzte antzezpenerako, eta nik nire moduan lan eginez ordu berak behar izan ditut lanerako. Badakit ezin izango ditudala halako pelikula gehiago egin, jendeari ordaindu gabe esan nahi dut, eta beraz, nonbait bilatu beharko dut dirua, edonon. Film hau hitzezko kooperatiba baten bitartez egin dugu. Mozkin batzuen truke laguntza eskatu nien hauei. Filmak etekinak lortzen baditu, hauek banatu egingo ditut”.
“Batzuetan, txantxetan, Bayona bezalakoa izatea gustatuko litzaidakela esaten dut. Txiki nintzenean, halako filmak egitea nuen amets, baina azkenean, egiten duguna ez da hasieratik atsegin izan duguna, lortu dugun emaitza baizik”. Pelikulako planoetako bat “Lo imposible” filmetik izan da hartua. Borja Cobeagaren “Democracia” laburmetraiatik eszenatokia aprobetxatu zuen, izan ere jendez lepo zegoen auditorio baten beharra zuen. Bazkal orduan, figuranteei piskat itxoin zezaten eskatu eta haietako asko, Luiso Bermejo kasu, film honetan azaltzen dira.
Goya sarietarako izendapenik jaso ez izanaz ere mintzatu ginen. “Ez ninduen asko harritu. Filma berandu xamar estreinatu genuen eta beraz, ez zuen jende askok ikusterik izan. Bestalde, filma akademian bozkatzen duten mailaren azpitik dagoela uste dut, beraz, normala iruditzen zait. Ez nau eskandalizatu. ‘Gente en sitios’ filmaren ausentziaz, izendatuak izan diren beste batzuez bezainbeste hitz egin da. Guretzako ondo dago hori, izendatua balego bezala zirudien. Ez da izendatua izan, ulertu eta onartzen dut. Gehiago harritzen nau Feroz kritika sarietan egon ez izana. Ez da izendatua izan, ulertu eta onartzen dut. Gehiago harritzen nau Feroz kritika sarietan egon ez izana.
Ez dago komentariorik