“1, 2, 3, al escondite inglés” filmeko pare bat esaldi dira gogoratzekoak. horietako bat, telebista baten iragarkian emakumeak botatakoa litzake -“Beatles taldekideen ama naiz, baina ez nator haien arrakastari buruz hitz egitera, zopei buruz hitz egitera baizik…”- bestean, ume bat dugu protagonista. Umeak amari harekin ez dagoenean psikodelia egin dezan esaten dio. Esaldiez gain, badago Iván Zuluetaren pelikulan ezabaezina den eszena bat ere: filmean parte hartzen duen taldea den The End-ek saltoka igarotzen du Madrileko Gran Via haien abestirik famatuena “Cardviard Watch” entzuten den bitartean.
Hala, Gran Viatik dabiltzan oinezkoen begirada bereganatzen dute eszena horretan. Ile luze, sixties arropak, kutsu hippya… Azken finean, haien fisiko eta janzkerak salatzen ditu. Urte batzuk atzera egin eta Madrilen egon ziren Kinks taldearen tankera dute. Plaza Españako noranzkoa harturik, errenkadan igarotzen dute hiriburuko kale nagusia. Ikustekoak dira gainontzeko oinezkoen aurpegiak. Baina nortzuk dira? Zergatik janzten dira horrela? Zergatik kantatzen dute horrela?
Zuzendari donostiarrak hautatutako musikariak martziano lirateke 1969. urteko Madrilen. Egia da “Megaton Ye-Ye”k Richard Lesterren formula kopiatu zuela duela urte batzuk Beatles taldearen ordez Micky y los Tonys kideak. “1,2,3 al escondite inglés” filmeak ordea, txuribeltz irudi horrekin apurtzen du. Espainiako historian grabatu den pelikula pop-ena da Zuluetarena: lotsagabea, kolorista, gazteena, inuzentea, alaia… Filmerako, gainera, garaiko pop, R&B, soul eta psikodelia musika talde onenen hautaketa egin zuen zuzendari donostiarrak. Talde guztiak dira espainiarrak. Guztiak, Gran Viatik alai paseatzen den ile luzedunen taldea izan ezik.
Hirurogeigarren hamarkadaren erdialdeko Ingalaterran, Colin Giffin (saxo tenorea, gitarra eta ahotsa), Dave Brown (baxua eta ahotsa), Nicky Graham ( teklatua eta ahotsa), Hugh Atwool (bateria) eta John Hortonek (saxo baritonoa) ezohiko banda sortu zuten. Garai hartan modan zeuden musika estiloak rithm & blues eta rock and roll-a baziren ere, The End taldea sortu zuten musikari hauek soularen eragin zuzena jaso zuten haizezko bi instrumenturekin kontatuz.
Giffinek harreman ona zuen Bill Wymanekin, eta hala, Rolling Stones gailendu zen kontzertu biran gonbidatu gisa aritu zen The End taldea.
Stones taldeko baxu-jotzailea liluraturik gelditu zen The End-ekin eta ordutik, haien manager eta produktore izan zen. Sonoplay estudio espainiarrak fitxatu zituen eta hala, Los Bravos-ekin batera ibili ziren Madrilen. Wymanek ikuskatzen zituen taldearen mugimenduak. Denbora gutxian, haize instrumentuak alboratu eta Terry Taylor gehitu zitzaien bigarren gitarran. Gutxika, taldea psikodelia musika estilorantz gerturatzen hasi zen.
The Beatles taldeak “Sgt. Pepper’s Lonely Hearts Club Band”-ekin 1967an lorturiko arrakastak, haien bide beretik jarraitu arazi zituen The End taldekideak. Haien LP bakarra izan zen “Introspection”-en grabazioarekin hasi ziren 1967ko urte hartan begirada publiko anglosaxoiarengan finkatuta zutelarik. Psikodelia zen modan zegoen musika mota eta Britainiako talde nagusien diskoak doinu haiekin bete ziren. Single-ak argitaratzearekin ekin zion The End-ek ibilbide musikalari. Grabazioa aurrera zihoala, bildumagile batek The End taldearen “Loving Scared Loving” single-a Rolling Stones taldeak “Satanic Majesties” albumean azaldu ez zuen abesti bat zela uste izan zuen. Abesti hori grabatu eta zortzi hilabete gehiago eman zituzten diskoa prestatzen. 1968rako lortu zuten dena prest edukitzea.
“Introspection” lana, Small Faces talde mod ingelesaren “Ogden’s Nut Gone Flake” diskoaren pareko izatera iritsi zen. Baita beste disko psikodelikoen pareko ere. Alabaina, disko honetako hamahiru abestiak -horien artean “Cardboard Watch”- hautsa pilatzen gelditu ziren urte eta erdiz. Izan ere, Decca disketxeak The End taldearen diskoak Atlantikoaren bi aldeetan distribuzio handia izan zezan lortu nahi zuen. Bill Wymanek nahikoa zuen haren taldea mantentzearekin eta ezin izan zion The End taldeari bultzada eman, ez eta haien diskoa merkatura zabaldu ere.
Azkenean, Ingalaterran bakarrik argitaratu zen “Introspection” 1969ko azaroan. Garai haietan, inor ez zegoen psikodelia musikan interesaturik. Izan ere, hard rock-a eta musika progresiboa ziren nagusi garai hartan, eta Led Zeppelin, Cream eta Jimi Hendrix ziren talde arrakastatsuenak. 44 urte beranduago baina, The End taldea 60. hamarkadako musika psikodeliko ingelesean handienetako bat dugu. Horrekin batera, Madrilgo Gran Víako irudi hura da Ivan Zuluetaren filmografian nagusi.
Ez dago komentariorik