Victor Erice
Beteranoarekin ekingo diogu. Ia ia jaiotzez da donostiarra “El espíritu de la colmena”-ren atzean dagoen zuzendaria. “Centro histórico” filma lau kapituloetan dago zatituta eta Guimarães-en, Portugalen, daude lokalizatuta. 2012koa den arren guregana orain dator hurrengo maiatzaren 29an Los Jueves del Trueba izeneko ekimenari esker. Maiatzeko agendan agertzen zen jada.
Julio Médem
Zuzendari berezi honek proiektu pare bat ditu esku artean. “Ma Ma” filmak Penélope Cruz izango du protagonista eta Asier Etxeandia eta Lluis Tosar ere bertan izango dira. Bestetik, aldiz, Balenciaga modistoari buruzko lana ari da prestatzen. Ez nau txunditu zuzendariaren azken lan multzoak baina beregan konfidantza azaldu nahi dut eta, zeinek daki, agian oraindik pelikula bikainen bat eskaini dezake. Eta bide batez Balenciaga modan jarri dezala, Getariako museoak seguru eskertuko duela.
Borja Cobeaga
Nacho Vigalondo-k konfirmatu zuen Dabadaban Joe Crepúsculo-ren kontzertuan. Borja Cobeagak“El negociador” filmaren ekuadorea pasa du dagoeneko. “Éramos pocos” laburmetraiarekin hasi zen zuzendari gisa eta oso potente gainera, Oscar-etara nominatuta egon baitzen. “Pagafantas” eta “No controles” ostean hirugarren pelikula da hau. Gainera, Cobeaga da “Ocho apellidos vascos”-en bi gidoilarietako bat. Gaia, kasu honetan, Jesús Eguiguren sozialistak ETArekin izandako negoziazioaren inguruan dago inspiratuta, baina imajintau dezakezuen bezala ikuspuntua ez da arrunta izango.
Jon Garaño
Eta baita Jose Mari Goenaga ordiziarra. Biok “Loreak” pelikula amaitu dute, euskaraz, asko saritu zuten “80 egunean” ondoren. Duela gutxi elkarrizketatu genituen eta itxaroten ari gara ea azkenean non estreinatzen den… Zinemaldian agian?
Pablo Malo
“Lasa y Zabala” ere, pertsonaien arabera, euskeraz ikus daiteke. Cobeagak ez bezala, Malok seriostasun osoz jaso nahi du estatuko terrismoarekin lotzen den gertakizuna baina sentsazionalista izan gabe. Unax Ugalde filmeko protagonista nagusietako bat da. Ikusiko dugu ea Zinemaldian estreinatzen den. Maloren hirugarren filma da, “Frío sol de invierno” eta “La sombra de nadie” ondoren.
Ez nintzateke asko harrituko bizpahiru film euskaldun topatzen baditugu aurtengo Zinemaldiaren sail ofizialean. Eta horietatik baten bat hemendik ateratzen den… Etorkizun handikoa da aurtengo donostiar uzta.
Ez dago komentariorik