Datorren ostirala abenduak 5 Xavier Dolan (Quebec, 1989) zinemagilearen 5. filma estreinatuko da: “Mommy“. Aurtengo Cannes-eko zinemaldian ezaguna egin da oso gaztea den Dolan-ek film honetan aukeratu duen formatuarengatik: pantailak mugikor erraldoi bat dirudi eta ia ordu t´erdiz imajina bertikalean ikusten da. Azkeneko minutuetan, hori bai, betiko bista horizontalera itzultzen da.
Dena dela, ez dugu Dolan soilik maite idei kementsuak dituelako askotan zorrotzegia den mundu honetan. Dolan, haur prodijioaz gain, gaur egungo enfant terrible nagusienetakoa da: haren opera prima, “Yo maté a mi madre” (2009), lagunen “diru eta pazientziarekin” finantziatua, bere amaren aurkako mendeku ikaragarria da eta bertan gaztaroan jasan zituen esperientziak isladatzen ditu. Betaurreko handi batzuekin agertu zen lehen aldiz Cannes-en, ile nahaspilatuarekin, eta edizio hartako sentsazioa izan zen. 20 urte zituen. Sinestezina. Publikoa 8 minutuz txalotzen egon zen zutik lehenengo pasea amaitu bezain laister. Filma saritu zuten eta gainontzeko herrietan distribuzioaren ateak ireki zitzaizkion tipo gazte honeri.
Denetarik egiten du (idatzi, zuzendu, ekoiztu eta antzeztu, besteak beste) eta hurrengo pelikularekin, “Los amores imaginarios” (2010), bere lagunik onenaren aurka jartzen da. “Jules et Jim”-en antzera hasten da baina segituan nahasten da bi lagun eta mutil baten arteko istorio hau. Umorea, drama eta ñabardura pertsonalak berriz ere. Cannes-en estreinatu zen, Dolanentzat jadanik normala bihurtu den bezala.
http://youtu.be/49NQKJvhJM
Los Jueves del Trueba delako ekimenean, gaueko 20:00etan, ikusi ahal izango ditugu kanadiar bihurri honen lehenengo bi filmak. Sarrerak 9 euro balio du, baina film bakarra ikusi nahi baduzu, 6. Plan polita gaurkoa.
Ez dago komentariorik