José Antoniok txanda eskatu zuen amaierarik ez zuen ilaran. Andre pinpirin ugari eta ABC-a besapean zeramaten gizonak zeuden itxaroten. Gerraostea eta trantsizioa zuzenean bizi izan zuten hauek hiritar onaren eginkizunarekin bete zuten. Ilaran bi ordu pasa beharko zituela kalkulatu, eta a ze atsekabea hartu zuen aurreko andrea arraindegitik zuzenean etorri zela ohartzean! Segundu gutxiren buruan baina, gizona andrearen atzean kokatu zen.
-Arratsalde on.
-Arratsalde on.
– Badirudi denbora luzez itxaron beharko dugula hemen.
– Adinaren bataz bestekoa kalkulaturik baina, beharbada Adolfo jauna uste baino lehenago ikusiko dugu.
Berezkoa zuen Jose Antoniok umore hori. Horri esker lortu zuen 63. urtean Josefarekin dantza egitea. Etxean zuen zain Josefa, lekak zuritzen, su epelean egindako berdura eta lekaleetan oinarritutako maitasuna zen bikotearena. Presio eltzea erosten zuten bikoteak banandu egiten zirelako teoria zen Jose Antoniorena. Presaka dabilen eta tranpak bilatzen dituen jendea, ezin da fidagarria izan. Haren aitonak esaten zuen moduan, lasterbideak soilik mendian.
– Txiste gehiegi hildako bati buruz hizketan aritzeko.
– Beno, gure adinean ere egin ditzakegu bromak. Barka nazazu iraindua sentitu bazara.
Ororen gainetik, edukazioa. Suarez bezalako buruzagi bat harro egongo litzake Jose Antonioz. Haren emazte Josefak ere atsegin zuen Adolfo. Gizon irmo eta deliberatua zen haren hitzetan. Jose Antoniok lagundu ziezaion eskatu bazion ere, halako txorakerietarako prest ez zegoela erantzun zion emakumeak. Inork ez zuen Josefak bezalako jeniorik, ezta hildakoak ere.
– Zein gizon ona zen Suarez, ezta?
– Hala da, bai. Burutik oin-zolarainoko gizona zen.
Etxetik irten zenean, Ceferinori hots egin zion lagundu ziezaion. Baina honek ere ezezkoa eman zion aberriari traizio egiten zioten gorri, marikoi eta ipurgarbitzaileez beterik egongo zela argudiatuz. Cefek ez zuen presio eltzerik erosi, baina antzeko zerbaitetan sartu zuen hanka: Julianarekin ezkondurik zegoen bitartean bulegoko emakume batekin liatu zen, eta gauza ez zen batere ondo amaitu. Juliana gaixoak ohean harrapatu zituen biak, eta adulteriogileak hori Frantzian ohikoa zela esan zio emazteari. Adardunak urdaiazpikoa ebakitzeko aiztoa hartu eta karreraren inertziaz Ceferino Perpiñanera iritsi zen ia.
– Ikusi al zenuen Suarezen semea? A ze aldartea. Aita hilzorian zegoenean kazetariei erantzunak eman zizkien honek.
– Gizon ona dirudi, bai.
Jose Antonioren semea beti azaldu zen aitaren aurka. Izan zuten azkeneko eztabaidan, erosketak larunbatean egitea leporatu zien gurasoei asteko egun guztiak libre izanda. Zorigaiztoko konparazioak egin zituen gurasoak haien abituak zapalduak eta hilak izan arte mantentzen dituzten inurriekin alderatuz. Jose Antonio askatasun indibidualaz eta 78ko Konstituzioaz baliatu zen erosketak nahi zituenean egingo zituela aldarrikatzeko. Semeak atea bortizki itxi eta etxetik alde egin zuen Josefa negarrez utzita. Hortik bi minututara bueltatu zen sakelekoa ahaztu baitzuen.
– Aizu, gure txanda dela dirudi.
– Bada, azkenean, ez zait itxaronaldia horren luzea egin.
– Arratsalde on gizon
– Arratsalde on, bai.
– Zein ikusteko?
– “8 apellidos vascos”-erako bat, mesedez. Bosgarren ilarako erdi partean ahal bada.
Ez dago komentariorik