1.- Kasino Jatetxea (Lesaka)
Levanten bertako paellekin gertatzen den legez, tortilla egun bat lehenago eskatu behar da hemen. Razioak ez dira merkeak -9 euro pertsonako- baina Josefina amonaren errezetak merezitako fama eskuratu du. Espainiako txapelketan garaile izan da bitan, eta sekretua ondorengo bideoan ikus daiteke: osagai guztiak (piper berdea, patata eta tipula) aldi berean nahasten ditu zartaginean. Hauek kolorea hartutakoan, 10 arrautzekin nahasten ditu. Amaierako tokea hil ala bizikoa da: besoaren laguntzaz, tortilla platerean erortzen uzten du ohiko buelta klasikoa guztiz eman gabe. Gutxi egindakoa, urtsua… Hautatutako tortillen arteko onena da. 10
2.- Restaurante Bedua jatetxea (Zumaia)
Egiari zor, Isabel Andiaren tortilla Josefinarenaren antzekoa da: alde batetik eginda eta arrautza asko erabilita, tortilla frantsesaren gisakoa da emaitza. Jatetxeko baratzekoak dira patatak. Zumaiako erretegi famatua den Beduara, elegante eta garesti jateko planarekin joan daiteke (arraina parrillan, angulak eta txuleta), baina baita merke eta soil jateko asmoz ere. Krisi garaian gaudenez, entsalada eta piper berdez lagunduriko tortilla eskatuko dugu. Plan bikaina. 9
3.- Bodega Donostiarra (Donostia)
Hondarribi kalean dagoen Aloña Mendi tabernako tortillaren antzekoa da. Biak dira banako razioak, goxoak eta purearen antzeko testura dute. Momentuan egiten dituzte, hor dago grazia. Nahi duzun puntuan eska ditzakezu gainera. Barran, momentu batean jateko moduko pintxoa. 7
4.- Nestor taberna (Donostia)
Alde zaharreko Pescaderia kalean dago kokatua. 80. hamarkadan jaio zen tabernak zerikusi gutxi du egungoarekin. Pintxoz beteriko barra honetan, gaur egun helduen musika gisa izendatzen duguna (Eric Clapton, Joe Cocker) entzuten zen eta kopak zerbitzatzen zituzten. Beste garai batzuk ziren. Gaur egungo Nestor oso praktikoa da: gildak, XL tamainako tomate gorriak eta txuletak daude bistan. Ezer gehiago ez. Bertako tortilla mitikoa da: izena aurretik eman behar da bi tortilla bakarrik ateratzen baitituzte, bat 13etan eta bestea 20tan. Berezitzat dute euren tortilla, eta egia esan, ez zaie arrazoirik falta. Ondo egindako tortilla zaporedun baten aurrean gaude. Hori bai, razioa txikia da. 8
5.- Bar Txuntxurro (Irun)
Juan José Otero haren lagun Robin Food sukaldari hondarribitarraren telebista programan azaldu zen behin. Amaieran, David de Jorgek “Munduko tortilla patata onenaren plaka” oparitu zion. Agian ez da munduko onena, baina oso ona dago. Oteroren espezialitatea da. Dionez, amaren errezeta originala jarraitzen du: eguzki-lore olioa eta ondo frijitutako patatak. 7
Ez dago komentariorik