Google bilatzailean “glamour” eta “San Sebastián” jarriz gero, 4 miloi emaitza aurki ditzakegu. Horietako asko, lehen emaitzak batez ere, Zinemaldia-rekin daude lotuta. Klase eta elegantzia Zinemaldiarekin lotzea ohikoa bihurtu da, cliché bat. Baina badago donostiarrak estiloso eta elegante garela dioen iritzi orokor bat. Beharbada, hiriaren edertasun genetikoarekin dago hau lotuta. Baina zertan datza estiloa edukitzeak? Irakurketa asko onartzen dituen tranpaz beteriko galdera eztabaidagarria da hau. “Estiloa duen jendeak berretsitako izaera du”, dio Alicia Martinez moda diseinatzaile donostiarrak. “Nolakoa zaren geroz eta argiago duzunean, zure burua geroz eta gehiago ezagutu ahala, janzteko eran transmititzen duzu. Izaerarekin erabat loturik daude kontzeptuak dira klasea eta estiloa”.
Bost ahotsek erantzun diote gure galderari: donostiarrok badugu estilorik edo mito bat gehiago da?
Ali de Bali
Bretxako behe solairuan diseinu tailer txukuna duen 30 urteko Aliciarekin jarraitzen dugu. Londres eta Bartzelonan bizi izandako Aliciak ausardia eta janzkeraren karakter klonikoak sortutako kritika botatzen ditu faltan donostiarron janzkeran. “Kalkamonia ugari daude. Eraginik gabe pasatzen diren joera asko daude Donostian, baita bertan geratu eta etengabe gelditzen diren joerak ere. Hau da; jendeak tendentzia harrapatzen badu ere, ez du bere terrenora eramaten”. Edozelan ere, Ali de Bali-ko arduradunak argitasuna ikusten du ostertzean diseinatzaile gazte eta vintage denda eta feriei esker. “Geroz eta estilo ezberdin gehiago ikus daitezke, hala ere, oso gutxi dira”.
LIE shop
Ali de Bali dendatik metro gutxira, Bretxako beheko solairutik irten gabe, LIE shop denda aurki dezakegu. Denda honek Espainia guztira bidaltzen ditu arropak, eta hurrengo kolekziorako Europan ditu jarrita begiak. Dendatik diotenez “klase eta estiloa existitzen da hemen. Jendea betidanik kezkatu izan da janzkera ona eta modarekin, gustu onaren erreferente da. Jende gaztea kalean ikusitakoan eta azken tendentzietan fijatu ohi da”. Hemengo estilismoarekiko iritzi positiboa azaltzen du dendariak, hala ere, “pertsonalitatea” faltan dagoela azpimarratzen du. Laburbilduz, halako zerbait litzateke: “Jarrai ezazu moda nahi baduzu, jantz ezazu nahi duzuna, baina hori baino lehen galde iezaiozu zure buruari jantzitako horrekin identifikatuta sentitzen zaren”.
Gerónimo
Arropan eta oinetakoetan dago espezializatuta Loiola kaleko Gerónimo denda (ez galdu Fred Perry-ren polo kolekzioa), eta donostiar modaren erreferente da; 90. hamarkadatik komertzio txikiaren “krisia” bizi iraun duen denda dugu. “Gainerako estiloetatik bereizten den estiloa da gurea. Frantziatik gertu bizi gara, eta nabaritzen da”. Badirudi donostiarron “gustu onerako” tendentzia, beherantz doala komertzio handien eraginez. “Hemendik gutxira, denak jantziko gara berdin Inditex denda ugari baitago hiri honetan. Pena bat da, baina denda txiki polit asko ari dira ixten”.
Irene Mariscal
Gipuzkoar musika zirkuituan aktiboen dagoen argazkilaria da Irungo Irene Mariskal. Ayo Silver! promotorak antolatutako kontzertuetan laguntzaile eta Dock Of The Bay Jaialdiko )argazkilari ofiziala izateaz gain, moda ere gertutik jarraitzen du. “Ezin gara kexatu: azken urteotan vintage eta bigarren eskuko denda asko ireki dituzte, diseinatzaile handien arropak saltzen dituzten outlet asko…”. Dionez, “ondo janztea ez da diru kontua, jantziak nola konbinatu jakitea da gauza. Moda gutxiago jarraitu eta pertsonalitate gehiago eman behar zaie arropa eta konplementuei”. Bere estiloa betidanik “oso bitxia” izan dela dio, eta Zara-ko arropa Hondarribia eta Ipar Euskal Herrian saltzen diren vintage arropekin “nahastea” aholkatzen du.
Lucía Baskaran
25 urte ditu, Zarauzkoa da, eta bere lehen eleberrian dago murgilduta. Erreportaje honetako portada da Lucía Baskarain eta Despierta Lucia blogean izan dezakegu bere berri. Alicia Martínezek azaldutako argumentu bera azaldu digu Luciak ere, “klasizismo” donostiarrarena. “Dibertsio modu gisa ulertzen dut moda, eta harrigarria iruditzen zait Donostian kapela bat eramateagatik begirada askoren jomuga izatea”. Madrilen eta Bartzelonan, esaterako, ez da halakorik gertatzen. “Donostiarrak besteek esango dutenaren beldur direla uste dut” eta dionez, “hiri handi batera bizitzera joan nahi izan duen jende asko ezagutu dut. Bertan, haiek nahi duten moduan jantzi daitezkelako”. Bestalde, estilo/ klase kontzeptuen definizio berria eskaini digu Baskaranek: “Jantzi batek lagun dezake, baina jantzi onek baino garrantzia handiagoa karakteristika pertsonalek dutela uste dut”.
Ez dago komentariorik