Jakina denez, Rafael Moneo arkitektoak “hondoratutako bi arroka” bezalako beira zeharrargitxuzko bi kubo diseinatu zituen “geografia iraunarazi eta posible zen neurrian, naturala eta artifizialaren arteko armonia azpimarratzeko” saiakera batean. Denboraren poderioz 90. hamarkadan izan genituen eztabaida ozpintsuak ahazten joan zaizkigu eraikuntza abangoardista honen inguruan. Donostiar gehiengoak onartu du zein den Kursaalen papera eta hiriaren sinbolo garrantzitsuenetariko batean bilakatu da ezbairik gabe azkeneko urte hauetan. Eguzkitsuak izan ditugun udaberriaren lehenengo egun hauetan froga egin ezazu: Zurriola hondartzaren inguruan jende mordoa dabil paseatzen, askotan Kontxako paseoan baino jende gehiago; duela 15 urte horrelako imajina ezingo genuke lortu.
Kursaalen inguruan hasi zen Groseko transformazio sakona baina motela -Kubo aretoko erakusketak bikainak izaten dira, orain dagoen Catalá-Rocarena bezalaxe- eta ondoren surf kulturaren garapenean eta pintxo tabernetan oinarritu da. Erosketak egin nahi badituzu eta kirolzalea bazara Gros da zure auzoa. Alde Zaharreko tabernak aspertzen bazaituzte Grosen badaude fama ona duten batzuk (La Bodega Donostiarra, Bergara, Senra…) edota pintxo-poteak ipinitako erritmora ibili zaitezke ostegunetan eta baita, Imaz kale inguruan, asteazkenetan: pizzería Malandrino, Ondarra eta La consentida-n hain zuzen ere.
Pintxo-surf binomioz gain gauza gehiago ere aurki ditzakezu. Askotan gomendatu ditugu Trueba Zinemetako ostegunak, jatorrizko bertsioan ikus daitezken pelikulak, Dock of The Bay festibala, etab. Kale berberean, Secundino Esnaolan gaude, Zinema corner dago ondoan itsatsita. Parean Robin Banana jatetxe japoniarra aurki dezakegu eta zubiruntz abiatuta, Ronda 7 kalean, harribitxia den bicis urbanas Miner (Ronda 7) denda. Orain igaro ezazu Miracruz kalea: Iparragirre kalean zaude eta Arteko galeriarekin topo egingo duzu, astelehenetan erotzen den Iparra tabernarekin eta, azkenik, inguruan dagoen Tedone jatetxe ekologikoarekin.
Paisaia (ia) guztiz aldatu egin zaio Zabaleta kaleari eta Nafarroa hiribidea eta Kataluina plaza arteko tartean gauzak ez dira lehen bezala izango. Ez dira Zabaleta kalean tabernak eta kafetegiak falta. Taberna eta jatetxea ere den Salteko beiratetik Zurriola hondartzaren zatitxo bat ikus daiteke. 55. zenbakian La Guinda kafetegia kokatzen da. Hemen ere kartak eta menuak dituzte. Xarmaz beteriko gunea da orain duela bi urte Romina Mosquerak ireki zuen establezimendua. Barnean goxotasuna da nagusi eta egurrez josita dago. Atera eta eskubira biratzen dugunean Essencia Ardodenda-rekin topatzen gara. Hogar Dulce Hogar kafetegia Bermingham kalearekin gurutzatzen da. Izena goxoa badu ere ez du La Guinda-ren xarmarik. Hala eta guztiz ere ederki ekipatua dago: Wifi seinalea, liburuak, sofa erosoak etab.
Behin Cataluina plazara iristen bazara oinez jarrai ezazu Teorema tabernara iritsi arte. Bertan musika dotorea entzun dezakezu. Esate baterako, Nikki Hill-en diskoa jarri dezakete. Eta atzean utzi ditugu Gintonería donostiarra pijo xamarra eta Meivy, babesleku argentinarra Grosen: alfajorrak, “dulce de leche” eta azukrez jantzitako tentazioak.
Ez dago komentariorik