Orain dela hilabete bat Olatu Talka jaialdi kulturalaren bulegoan egon nintzen, Grosen dagoen Okendo kultur etxeko lehenengo solairuan hain zuzen ere. Bertan langileak buru eta belarri ari ziren lanean eta hiritarren proposamenak aztertzen ari ziren programazioa osatzeko helburuarekin. Sortu berria zen talde-lanean (Nagore Irastorza, Estibaliz Parada eta Edorta Subijanak osatzen dute) erlazio ona zegoela zirudien. “Eta hau martxan jartzen badugu?”, galdetu zion goiz hartan bere buruari Edortak Kontxako baxuetan muntatu duen azoka birtualari seinalatuz.
Azkenean, bada, argazki bitxi haren espiritua berpiztuko dute. Dimentsio eta mota askotako eragileek egindako 200 proposamen baino gehiago iritsi da aurten Olatu Talkara. Musika, kirola, antzerkia, teknologia berriak, dantza, gastronomia, ingurumena edo artearekin lotutako jarduerak izango dira jaialdiaren seigarren edizioaren programazioa osatuko dutenak datorren maiatzaren 29, 30 eta 31an. Antolatzaileen arabera 2014ean bezain beste proposamen jaso dituzte. Aurtengo nobedade garrantzitsuena jaialdia Donostiako esparrura mugatu eta auzoetan presentzia handiagoa izateaz gain, hirian “ezkutuan” dauden espazioak berreskuratzea izango da. Horren adibide dira Uliako lur azpiko ur biltegietan izango den jardunaldi irekia, Polloe hilerriko Burua altxatuko balu bertso ibilbide musikatua edo… Kontxako arkupetan prestatuko duten Kontxa Gaumarket iluntzeko merkatua. Merkatua 18tik 24ra bitarte antolatuko da maiatzaren 30ean.
Kontxako baxuak “botelloi” gisa erabili izan dira urte askotan eta, zoritxarrez, pixatoki publikoaren itxura hartu dute. Merkatuaren helburu nagusia, beraz, leku pribilegiatu hau bere onera ekartzea izango litzateke. “Poz handia hartu dut azkenean merkatua antolatuko dela jakin dudanean”, aitortzen du Edortak. “Merkatuen joera oso interesgarria iruditzen zait eta Olatu Talkaren txanpa aprobetxatu behar zen. Gainera, lana esku honetan dago. Pertsona horiek asko mugitu dira hirian azkenaldian sortu diren pop up merkatu ezberdinak bermatzeko”.
“Kolektiboen arteko sinergiak primeran funtzionatu du”, konfirmatzen du Carol Marín-ek, ekimenaren koordinatzailea eta The Gallery-ren arduradunetako bat. Donostian ospatzen diren merkatuen atzean dauden egile garrantztsuenak bat egin dute (Undermount, Staaf, Dress & Shop, Donosti Sunday Market, Arteuparte, Itxaso & Amaia eta The Gallery) proiektuari bultzada handia emateko helburuarekin eta Kontxa Gaumarket erreferente bilakatu dadin, hiriko MERKATUA. “Guk istorio honek jarraipena izan dezan nahi dugu. Hori da gure ametsa”, dio Carolek.
Jakina denez, merkatu hauek erakuslehio handi bat izan daitezke gure sortzaileentzat eta jaurtiketa plataforma gisa erabil dezakete. Aukera ona da euren lanak ezagutzera emateko. Kontuan hartu behar dugu Kontxako hondartzan izango dela merkatua eta jende pila hurbil daiteke artista guzti hauen lana zein den ezagutzeko. Dagoeneko aukeratze-prozesua itxi dute eta diziplina ezberdinetako 51 markek parte hartuko dute: argazkilaritza, diseinu grafiko-bisuala, zeramika, moda, osagarriak, ilustrazioak, dekorazioa, vintage eta handmade esparruan. Carolen ustetan “dizplina gehienak parte hartuko dute merkatuan”. Partaide batzuk deialdi-publiko baten bidez aukeratuak izan dira eta beste batzuek aukeratzeko orduan irizpide ezberdinak hartu dituzte kontuan, lanen “ikuspena” eta artisten “dizplina aniztasuna” esate baterako.
Merkatu hauetan egon bazara jakinean egongo zara saltsa kultura-aisialdi ekintza ezberdinetan dagoela. Kasu honetan kontzertuak, dj-ak, instalazio artistikoak, taberna bat… izango ditugu arkupeak girotzen. Oraindik gauzatxo batzuk ebatzi gabe geratzen dira, baina Kontxa Gaumarket primeran egongo dela dirudi.
Ez dago komentariorik