Donostiarekin konexio ugari dituen Kokoshca talde iruindarrak ondo aztertu behar den kurrikuluma dauka. Seguruenik, 80. hamarkada hasieran jaio izan baziren, musikaren eragina askoz ere zabalagoa zen garai hartan, telebistan ikusiko genituzke gainontzeko pop taldeekin batera eta, ziurrenik, diska mordoa salduko zituzten eta areto askotan jo. Taldearen lau kideak (Iñaki, Amaia, Íñigo eta Álex, azken hau donostian ezaguna da Ayo Silver! promotora eta Dabadaba tabernaren bazkide da eta) diote rock and roll estiloa lantzen dutela baina esango nuke Kokoshcaren musika betiko pop-rok independientearen ligan jokatzen duela, The Velvet Underground-en hasi eta Yo La Tengo-raino jarraitzen duen esparru berberan. Abestiak gai ezberdinak jorratzen dituzte (ilea leundu behar duten neskak, madrilgo parranda handiak, arrakasta merezi ez duten taldeak, suizidioa, amodioa… Orohar, txoko ilun eta argitsuen artean ibiltzen dira eta honen adibide garbia da taldearen azken lanak “Hay una luz” izena duela. Alde batetik aurpegi komertzial eta itsaskorra azaltzen dute (“No Volveré”, “El búho”) eta bestetik atmosfera arraro eta ilunak jorratzen dituzte (“Cuchillas”, “Oyynoj”).
Kokoshca eroso dabil bi erregistro ezberdin horiekin eta zuzenean jotzen dutenean argi ikus daitezke arima hauek. Kutxa Kultur Festibalean 60 pertsonen aurrean jo zuten “Teatro abandonado” izeneko eszenatokian. Bi saio ezberdin izan ziren. Lehenengoa iluna, antikomertziala, arraroa. Bigarrenean aldiz kriston parranda suertatu zen eta bertara hurbildu ziren aleak esan zutenez musika jaialdiaren kontzerturik hoberena izan zen hura. Esate baterako, “Kokoshca revienta el Kutxa Kultur Festibala” izan zen Jenesaispop webgunearen titularra.
Gezurra dirudien arren, Kokoshca talde ezezaguna da askorentzat eta arrakasta underground zirkuitoan lortu dute soilik. “La fuerza”-ren bideoa albo batean uzten badugu, Youtube katearen erreprodukzioak ez dira 6.000 bisitetara iristen eta, sinetsi ala ez, ez dute “Hay una luz” diskarekin arrakasta lortu. Madrilen jo zuten azken aldiz Siroco aretoan izan zen, guztira 200 pertsona baino sartzen ez diren aretora, eta Primavera Sound jailadian eszenatoki txikian jo zuten.
Agian jarraitzaile multz fidel eta handiena Donostia eta inguruko lekuetan dago. Egia da Ayo Silver!-ek azken diska kaleratu duela; baterijolea Álex López-Allende dela; Donostian lana, amodioa edo zeinek daki zergatik maiz izaten direla; edota Victor Iriarte, Tabakalerako ikusentzunezko atalaren burua, “Directo a tu corazón” abesti zoragarriaren bideoa egin duela. Hori guztia da egia. Dena dela, Gipuzkoara etortzen diren bakoitzean (bost aldiz azkeneko urtean), ezin dute haien jarraitzaileen agitazio kolektiboa saihestu. Emozio neurrigabea sortzen duen taldea da Kokoshca jarraitzaile sutsu hauen bihotzetan.
Ah, taldearen jarraitzaileak asko ez badira ere, caché dexente badute: Irene Mariscal argazkilaria, Juan G. Andrés eta Ricardo Aldarondo kazetariak, musikariak (Bassmatti eta Mursego), Victor Iriarte bera eta beste hainbat ezezagunek Kokoshcaren argi eta itzalen xarma maitatzen dute.
Ez dago komentariorik