Duela aste gutxi, hemen, Príncipe zinemen alboan, zonalde hau urez bete zuen denboralea izan genuen. Askok izango duzue gogoan gaztetxo batek argitaratu zuen bideoa, olatuen “desfase” arengatik txundituta. Bada gaur, antzeko zerbait gertatu da. Oraingoan baina, marea altuaren ordez, Asteazkenetan zinera ekimenak eskaintzen duen deskontuak bete du zonaldea. Beraz, eragilea ez da denboralea izan, publikoak “8 apellidos vascos” filmari egindako harrera baizik.
Aldaketa aldi batean gaude, zeinetan adimen pentsatzaileek lanean diharduten egongelan, 42”-ko pantaila aurrean gustura dagoena, homecinema-z gozatzen duena, eta HD kalitatean artxiboa deskargatu duen pertsona zinema aretoetara hurbilarazteko gakoak zein izan daitezkeen pentsatzen. Badirudi, pantaila handiak eskaintzen duen ikuskizunak erabateko arrakasta lortzen duena “Gravity” erako filmeekin: 3D-ak, argazki onenari emandako Oscar-a, eta azken generazioko efektu espezialak. Halako zerbait behar da filmak arrakasta izan dezan. Alabaina, zuzendari aldetik hutsaren hurrengoa besterik ez duen film honek, José Mota-ren gag estetika duenak, eta bisualki telebistan ikusita ere emaitza berdina dituenak, izugarrizko arrakasta lortu du egun gutxietan. Zeintzuk dira gakoak eta hemendik ateratako irakaspenak? Ideia zipitzik ere ez daukat. Baina hala ere, filmak dituen indarguneez mintzatuko naiz jarraian. Ea honela zerbait argitzerik badudan.
Komedia bat da
Askotan esan izan da jendeak barre egiteko gogoa duela -are gehiago krisi garaian- eta egia da hori. Baina gainera, arrakasta duten komedia horietakoa da: gertukoa da eta denok uler dezakeguna. Gertukoa dela esatean, bertako topiko guztiak aipatzen dituela esan nahi dut. Antzeko zerbait gertatu zen Frantzian “Bienvenidos al Norte” filmarekin. Honek ere, errekorra eskuratu zuen zinema aretoetako leihatiletan, eta eskualdeen ezberdinetako topikoei buruzko filma izan zen hau ere. Argi dago, beraz, emaitza onak lortzen dituen gaia dela, eta orokorrean, halakoak eskatzen ditu ikusleak.
Gidoi freskoa
Gaiarekin ez da nahikoa, txisteak errazak izan daitezke, baina ez tontoak, publikoa ez da ergela. Borja Cobeaga eta Diego San José-ren gidoia txistez josia dago. Batzuk onak, besteak okerragoak, baina zaila da haietako batekin parrik ez egitea, eta inertziaz film guztian zehar egiten du par ikusleak. Txispa du, gatzduna da, eta ezer berririk asmatu gabe, maila duina mantentzea lortzen du filmak. Txisteak baztertu eta argumentuari ekiten zaionean, beherantz egiten du filmaren maila onak, baina berehala dator beste txiste bat erreskatera. Bi gidoilari hauei buruz mintzatu zen gure webgune honetan Jon Pagola.
Aktoreak
Distira duten bi gazte. Clara Lago gozoak, -andaluziarra zein euskalduna izanik, berataz berdin berdin maitemindu zaitezke- talentu handia du jokatzen duen papelerako; eta Dani Rovira, monologoen mundutik etorritakoa. Honek bere asmoak azaltzen ditu etengabe; aktore baino gehiago, komikoa da, eta hala, argi du jendeak barre eginaraziko duela. Bigarren mailako aktoreak ere son handikoak dira: ondo baino hobeto funtzionatzen duen Carmen Machi eta Karra Elejalde, zeina ezin hobeto azaltzen den bihotz oneko euskaldun “asto”-aren azalean.
Promozioa
Oso ondo daki Telecinco-k bere produkzioak manejatzen. Askotan ikusi izan ditugu film honen parte diren aktoreak. Eta nola ez, -nahiz eta konpetentziakoa izan- “El Hormiguero”-n ikusi ahal izan genituen estreinuaren bezperan. Sare sozialetan ere kanpaina indartsua jarri zuten habian. Trailera, uneoro zegoen ikusgai zinema zein telebistan. Ikusmina sortu zuten filma ona edo txarra izango zen jakin aurretik, eta hala argi izan zuten jendeak ikusiko zuela. Normaltzat hartzen da film hau ikustera joatearena, arraroa da ordea, ez ikustea. Hau baina, alderantziz izan ohi da normalean. Astearteko gaueko 11etan, aretoa zinea urte luzez zapaldu ez duen publikoz zegoen beteta; pasiloetan zehar galdurik ibili dira hauek, eta besaulkien erosotasuna ere harrigarria suertatu zaie.
Pilota handituz doa
Ez dago publizitate hoberik: bizilagunak ikusi du jada eta barre egin du. Bizilagunak ikusi du eta nik ez. “Lo imposible” filmaz geroztik egon den estreinurik onena izan da, gainera, munduko TOP 15-ean sartu da. Gustatu edo ez, gainontzekoek ikusi dutela da gauza. Ikusi beharko, beraz. Atzo, filma ikusi ondoren garagardoa hartzen ari ginela, lagun batek ea zer moduz galdetu zidan. Barre egin nuela esan nion. Ez da gehiago behar. Inork ez du gehiago espero. Interesik ez zuela baina beste lagun batzuek ere gauza bera erantzun ziotela esan zidan. Ikustera joango da bera ere. Eta noski, nik esan diot, Lars von Trier-en fan-ak; “300, El origen de un imperio”-ren fanak ere esan zion. Orokorrean, Garako atake amorratuez gain, kritika ez da gaiztoa izan filmarekin -nahiz eta goraipatu ere ez duten egin-.
Zinemak lortutako arrakastaz pentsatzen jartzen naizenean, ondorio berera iristen nahiz beti: zinema ekimen baten antzekoa da. Bisualki kontenpla dezakegun ekimena delako, promozioak ekimen bat dela pentsarazi digulako, zinemaren festa delako, zuzendaria presente dagoelako, edo nire ezagun guztiek ikusi eta iritzi onak besterik ez dituztelako. Nire egongelan ez dagoen zerbait garrantzitsua dela sentitu dudalako.
Edo ez, zer dakit nik.
Ez dago komentariorik