Beldurrezko Astean murgildurik nago eta dagoeneko erotzen hasia naiz. Jakina den bezala, Zinemaldia munduko festibalik onenen artean kokatuta dago eta Beldurrezko Astea ekitaldi apala da. Baina badaude zeinbait atal non Beldurrezko Astea Zinemaldia baino hobea den. Goazen boutadea aztertzera.
Txaloak
Zinemaldian ez dio axola: beti txalotzen dugu filma. Ohitura bilakatu da publikoaren artean. Salbuespena, agian, kazetarien paseetan aurki dezakegu, baina, tira, horiek ez dira gehiengoak. Hemen, ordea, mota guztietako oihuak entzun daitezke: “aspertzen naiz!” edo “laburmetraia kaka bat da” bezalako esaldiak.
Zinegileen partehartzea
Zinemaldian solasaldi ugari izaten dira, baina ez duzu inoiz Chiquito-ren imitaziorik aurkituko. Larunbatean “Musarañas” film mexikarraren zuzendaria Esteban Roel, ausartu zen. Ohikoa da zuzendarien artean. Eta “Felicitá” abestia ipintzen badiozu zuzendari frantses zorrotz bati… dantzan hasiko da!
Monsterchef
Zinemaldian Culinary Zinema atala ikus daiteke eta benetan interesgarria izaten da. Hori horrela da. Dena dela, aurten “Monsterchef” izango dugu ikusgai: Áxel Casas eta Ronquetek, A Fuego Negro tabernaren laguntzaz, antolatu duten show dibertigarria. Txantxetan nagoela pentsa dezakezue baina emanaldiaren babeslea… Basque Culinary Center da.
Amodioa
Zinemaldian askotan kritikatzen dugu antolakuntza eta Teledonostiko “Keridos Monstruos” programa berezian agertzen dira jendearen iritziak. Beldurrezko Astean “¡Josemi dimisión!” askotan entzungo duzu. “¿Por qué, Rebor, por qué?”-ren eboluzio naturala da. Josemi Beltran eta José Luis Rebordinok Beldurrezko Asteak izan dituen azkeneko zuzendariak dira. Eta biak maite ditugu.
Instalazioak
Egia da Zinemaldian dena txukun-txukun dagoela. Baina badu bere puntiloa Antzoki Zaharrera sartu eta komunean erritual satanikoren bat burutu dela konprobatzeak. Edota antzokian bertan taberna dagoela jakitea. Horrela gintonic goxo batekin filmaz gozatu dezakezu.
Eserlekuak
Kursaal eta Victoria Eugeniako eserlekuak bai direla beldurgarriak. Zinemaldian pairatzen ditugu behin eta berriro. Beldurrezko Astean, aldiz, ohikoena Antzoki Zaharreko eserleku eroso batean filma ikustea da. Eta, gainera, sarrerak hartzeko egunean izan ezik, ez duzu kola-rik egin behar.
Anbientazioa
Zinemaldian glamour ugari dago leku guztietan eta Beldurrezko Astean, aldiz, bestelakoa da dekorazioa. Ikus ezazu nola dagoen Antzoki Zaharraren fatxada nagusia. Agian harrigarriena Victoria Eugenia antzokiaren barnean egin duten transformazioa da: odolez beteriko ospitala dirudi. Gipuzkoako kritika zorrotzenak bertako atrezzo-az baliatzen da argazkian azaltzen den bezala. Zinemaldiara Boyero dator baina guk Begoña del Teso dugu.
Ez dago komentariorik