Manuel Vicent idazle eta kazetariak esan zuenez, swing-a ez da jazz estilo soila, ezta golf makila kolpatzeko estilo jakina ere, “swinga diruz eskura ezin daitekeen arimaren don-a da. Berezkoa dugu, edo ez dugu.” Gutxi batzuek duten ezaugarria da; horietako batzuk anonimoak dira, besteak George Clooney aktorea, Mandela politikoa, Bowie musikaria, eta Guardiola futbol entrenatzailea esaterako, ezagunak. Baina ezaugarri ukiezin eta espiritualaz gain, swing-ak badu bere dantza frenetikoa: Lindy Hop-a.
Ana Minguezek Swing dantzetara sarbide izango zen klasea ehun pertsona ingururi eman ostean, Guardetxeko sarreran zera esan zigun: “ Swing-a dantzatzeko era zaharrena da Lindy Hop-a. 20. Hamarkadaren amaieran sortu zen Savoy Ballroom-en. Musikak eboluzionatu ahala, dantza estiloak ere eboluzionatu zuen. Lindy Hop-ak, haren aurretik jada sortuak ziren hainbat dantzetatik, Charlestonetik esaterako, elementuak hartu zituen. Agian ezagunenak, Black Bottom, animalia izena zuten dantzak… izan ziren.”
Anarekin hitz egin bitartean, larunbat gauetan aretoak betetzen dituen jendeak dantzan darrai. 100 urteko historian hainbat fasetatik igaro ostean, Lindy Hopak haren bigarren gaztaroa bizi du egun. Askoren harridurarako, Lindy Hoparen bigarren bizitza honek New Yorketik urrun, Estokolmo iparraldean du gune nagusia. Gutxi dira Guardetxetik kanpo, zigarroari azken kalada ematen diotenak, eta gutxi dira ere dantzariei so daudenak. Ez da geldi egoteko unea. Benny Goodmanek zuzenduriko Big Band-en doinuekin geldi egotea ezinezkoa da. Mr Patxi, dantza irakaslearen senarra eta Dj-a den honek, swing doinu klasikoak jartzen ditu soul eta rythm&blues ritmodun abestiekin batera.
Anak dantzaren izenaren jatorri harrigarria argitu digun une berean, sartu da musika elkarrizketan: “ kondairaren arabera, garai hartako dantzari ezagun batek emanaldia amaitu eta berehala kazetari batek zertan zebilen galdetu zion. ‘ I was doing the Lindy Hop’ erantzun zion dantzariak”, Lindy Hop horrek erreferentzia egiten zion 1928an egunkari askoren portada izan zen lehen hegaldi transozeanikoaren berriari. ( “Lindy Hops The Atlantic”) .
Arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera, goiztiarrenek aukera izan zuten “Swing Puro Placer” telesaiaren 5. Kapituluaren emanaldira joateko. Telesai honek Jazz subgenero honen historiaren sorrera kontatzea du xede. Dock Of The Bay Musika Dokumentalen Jaialdiko zuzendari laguntzailea den Eva Riverak egin zien kasu “borondatezko” diren bi euro ordainduta bertaratu diren guztiei. Gehiengoak ordaindu eta askok, borondatea baina gehiago ere eman dute. Jasotako dirua Dock Of The Bay jaialdira doa zuzendua. Izan ere, seigarren edizioa den hau antolatu ahal izateko, crowdfunding edo mikromezenasgora jo behar izan dute.
Xedetzat jarri zuten 7.500 euroko muga igarotzea lortu zuten modu honetan. Baita kultur eragileen arteko elkartasuna eta komunitate sentimendua bermatzea ere. Honen froga dugu euren kanpamendua Guardetxean duten Banda Bat eta Donostiako Swing mugimenduak batera aurrera ateratako iniziatiba. Evak dionez, “Crowdfunding kanpainaren bidez, talde eta erakunde ezberdinek deitu digute euren laguntza eskainiz, hori da egun Guardetxean gertatzen ari dena”.
Krisi ekonomikoak ekintza berrien sorrera ekarri du, hare gehiago, egoera txarrean dagoen kulturaren sektorean. Publizitatean orainarte emankorrak izan diren patrozinioaren antzeko forma klasikoak usteltzen ari dira egun, baina hauen ordez, haien fruitua ematen ari diren laguntza ezberdinak sortzen ari dira. “Laguntza ematen diguten markek ere protagonismoa irabazten dutela ikus daiteke. Berpiztu egin behar gara krisi garaian”, dio Evak.
Pistara buelta eginez, Mr. Patxik amaitutzat eman du swing gaua blues kutsua duen balada batekin. Kantu hau La Locomotora Negra Bartzelonako jazz bandarena da, zeintzuek 1971. urteaz geroztik, bizirik dirauten. Argiak piztu eta jatorri asiarra duen gizon batek, besarkada eman dio Anari lau orduko dantza emanaldiaren ostean.
Ez dago komentariorik