Gauza askotaz kexatu gaitezke hiri honetan, baina zinemak eskainitakoaz ez. SADE zinemei esker egunero goza dezakegu zinemaz: areto gutxitara iristen diren filmak ikus ditzakegu, eta bertsio orijinalean eskainitako filmen aukera zabala dugu. Bestalde, urtean zehar ugari dira ere zinema jaialdiak; duela gutxi izan dugu Dock Of The Bay-z gozatzeko aukera. Hori gutxi balitz, zinema mota ezberdin bat eskaintzen duten hainbat zirkuito alternatibo ere badaude. Otsailean eta urtarrila amaiera honetan ikusgai izango ditugunen berri emango dugu jarraian. “Sekzio” bakoitzeko izenburu gutxi batzuk aukeratu ditut, baina programazioan saltxeatu eta, hala, film gehiagoren berri izan dezazuen gomendatzen dizuet.
Aukeratutako film guztiak ikus daitezke bertsio orijinalean eta pantaila handian -proiekzio txikien berri bideoek emango digute oraingoan, eta hauek ere ugari dira-.
URTARRILA
Astelehena 27: “La casa Emak Bakia”
KRESALA ZINEKLUBA (Kutxa Arrasate aretoa, 19:30etan)
Sarrera: 4€
Ezagun egingo zaizuen Kresala zinekluba ziur aski. Martxan urte ugari daramatzan erreferentea da eta astero eskaintzen du film bat. Bi film azpimarratuko ditut. Lehenengoa bertan, presente egongo den Oskar Alegria zuzendariaren“ Emak Bakia etxea” da. Egia esan behar badut, ez naiz film honen zalea, baina defentsa handia duen filma da eta gainera gaur egun modan dagoen autore-dokumental motaren erakusgarri da. Man Ray artistarenganako hurbilketa aitzakiatzat du film honek, izan ere, modu honetan kasualitateaz eta beste hainbat auziz hitz egiten du.
Asteartea 28: “Museum Hours”
ZINE INDEPENDENTEAREN ZIRKUITOA (Antzoki Zaharra, 20:00etan)
Sarrera: 3,5€
Tabakalerak zine independentearen zikloari emango dio hasiera, eta horretarako hainbat trailer eta ekintza ere prestatuko dituzte (haien webgunean daude ikusgai). Haien lehen filma Jem Cohen-en -dokumentalista ezaguna eta zine urbano eta musikalean aditua- “Museum Hours” izango da. Cohenek Vienako Artearen Historia museoan sartuaz, ezohikoa den zerbait eskaintzen digu film honetan. Bi pertsonen istorioa kontatzen du, baina hau baina garrantzitsuagoa da artearen museoak sortzen duen atmosfera. Lagunekin ondo gelditu nahi baduzue, ikusi filma. Jarraian, ingelesez egon arren, trailerra uzten dizuet ikusgai:
OTSAILA
Osteguna 6: “Història de la meva Mort”
TRUEBAKO OSTEGUNAK (Trueba Zinemak, 21:30etan)
Sarrera: 6€
Artikulu oso bat eskaini diogu jada Truebako Ostegunak delako ekimenari, eta egia esan, ekimen honek biltzen duen edozer da gomendagarri, baina gaurkoan, bi film azpimarratuko ditut. Urteko lehen denboraldi honetan proiektatuko duten pelikularik garrantzitsuena da, nire iritziz, “Història de la meva Mort”. Gogorra da, baina mereziko du ikusteak. Filmaren aurkezpenean egongo da Albert Serra zuzendaria. Zine espainiarrean dagoen zuzendari independente eta ausartena dugu Serra, hoberena, eta Locarnoko zine jaialdian urrezko Leopardoa irabazi berri du. Zinema alternatiboa atsegin baduzue, galdu ezineko aukera duzue otsailaren 6ko hau. Zinemazaleen artean, behin eta berriro aipatuko dira Serra eta bere filma.
Astelehena 10: “Bullhead”
KRESALA ZINEKLUBA (Kutxa Arrasate aretoa, 19:30etan)
Sarrera: 4€
“Gertrud” filma aurkeztu zuen duela gutxi Donostiako Zinemaldiko zuzendari den Jose Luis Rebordinosek, eta aurkezpen berean, Bullhead filma aholkatu zigun. Rebordinos baina, ez da bakarra: Nacho Vigalondok 2011ko haren 5 film gogokoen artean izendatu zuen Bullhead. Bide batez, Vigalondok hautatutako beste lau filmak ere gomendagarriak dira oso. Film Belgiar hau ere Oskar sarietan atzerriko film onena izateko hautagai ere izan zen, eta hainbat sari irabazi ditu Austineko fantasiazko zinema jaialdian. Fantastikotik, egia esan, ez du asko, baina iluna da filma. Film ilun dramatikoa.
17-21: Labo 2014 + Kimuak 2013
ANTZOKI ZAHARRA, 19:30etan
Sarrera: 4€
Clermont-Ferrand jaialdiko Labo sekzioa osatzen duten laburmetraia guztiak eskainiko ditu Tabakalerak Donostia Kultura eta Kimuak programaren laguntzaz. Laburmetraia esperimentalak dira hauek. 17tik 21era doazen egun hauetako batean gainera Kimuak programak 2013an hautatutako laburmetraiak proiektatuko dira. Esperimentaziorako mentalitate zabala eta pazientzia eskasarekin joan behar da ikuslea, goiz amaitzen baita laburmetraia eta jarraian hasi ondorengoa.
Osteguna 20: “Gente en sitios”
TRUEBAKO OSTEGUNAK (Trueba Zinema, 21:30etan)
Sarrera: 6€
Eskatzen ari ginen film espainiarra da “Gente en sitios”. Zinema espainiarrak eskainitako film hoberenen zerrendan dago eta Zinemaldian izan dugu hau ikusteko aukera bakarra. Zortedun gara baina, eta Truebako Ostegunak delakoari esker ikusgai izango dugu. Gainera, filmaren zuzendaria, Juan Cavestany, egongo da bertan harekin solasaldi bat edukitzeko. Aurretik aipatutako filmekin alderatuta, oraingo hau alaia eta arina da. Baina ezaugarri hauek ez diote filmari haren balioa kentzen.
Asteartea 25: “I used to be darker”
ZINE INDEPENDENTEAREN ZIRKUITUA (Antzoki Zaharra, 20:00etan)
Sarrera: 3,5€ (euskerazko azpitituluekin)
“I Used to be darker” da Tabakalerak eskaintzen duen zinema independentearen zikloan ikusi ahal izango den bigarren filma. Matt Portefield-en hirugarren filma den honek zuzendari onenari eskainitako saria jaso zuen Buenos Aireseko zinema jaialdian. Drama delikatua da, eta garrantzizko elementu musikala antzeman daiteke amerikar zine indie-aren estetika duen film honetan. “Inside Llewyn Davis” filma gustatu, baina mainstream-egia dela iruditu bazaizu, honako hau da zure filma.
Asteazkena 26: “Sans lendemain”
NOSFERATU: MAX OPHÜLS (Antzoki Zaharra, 20:00etan)
Sarrera: 4,6€ (euskerazko azpitituluekin)
Max Ophüls-i zuzendutako eskaintza dakar aurten Nosferatu zikloak. Asteazkenero eskainiko du ziklo honek film bat, salbuespen izanik Labo eta Kimuak ekimenek hartutako asteazkena. Programa guztia ikus dezazuen aholkatzen dizuet, ez baitago soberan hain ezagunak ez diren filmak zertan diren jakitea. Haren lehenengo filmetan ere, ikusi ahal izan genuen muntaiarako duen bertutea. Agenda honetarako “Suprema decisión” izenburuarekin itzuli den filma aukeratu dut. Parisen semea mantendu behar duen emakume baten drama kontatzen du filmak. Nosferatu zikloan inoiz egon ez bazarate, oraingo hau momentu egokia da, izan ere, une honetatik aurrera eskainiko dira film onenak.
Ez dago komentariorik