Zineak gure gizartetik alboratutako gertakariei egiten die so askotan. Modu honetan, lurperatutako hainbat istorio berreskuratu eta gizarteratzeko aukera bikaina eskaintzen du. Azkenaldian, gisa honetako bi dokumentalez gozatzeko aukera izan dugu: “Homenatge a Catalunya II” eta kapitalistak ez diren bizimoduak erakutsi, eta aldi berean, Espainian skateak izan dituen jatorriak azaltzen dituen “Monopatin”. Bart gauean Dock Of The Bay jaialdian estreinatu zen “Kampsa. 20 años de sueños y escombros“ dokumentala aurrez aipaturiko bi dokumentalen arteko bidegurutzea dugu.
1992an hasi zen dena, gazte koadrila batek Pasaiako orube bat okupatu zuenean. “Gazteek denbora pasatzeko leku baten beharra zuten. Izan ere, garai hartako Pasaia ez da egun ezagutzen duguna: lekutan geratzen zen herria zen, eta ez zegoen ekintza kultural, kirol jarduera, zein beste hainbatetan aritzeko aukerarik. Orduantxe aurkitu zituzten hutsik zeuden Campsa gasolinerarenak ziren hainbat fabrika zahar eta hala, hauek okupatu zituzten”, azaldu digu 32 urteko Danik dokumentala estreinatu baina pare bat ordu lehenago. Kampsa izenez ezaguturiko espazio honetan, programazio musikal zabala eskaini zuten lehen 10 urteetan: asteburu askotan egon zen hardcore eta bertako naiz atzerriko punk taldeez gozatzeko aukera.
Artxiboko material ugariz horniturik, off ahots batek kontatzen du istorioa musikaz lagundurik. “Zarata egiten zuten bandak” zehazten du Danik irri artean. “Garai politak izan ziren ondoko herrietan musika talde onak sortu baitziren, eta hauek etxe okupa ugaritan aritzeko gogo handia zuten. Batez ere 90. hamarkada eta 2000. urtearen artean”. Bizilagunak ziren Perrera, Nuevo Catecismo Católico eta Señor No taldeak ere, aritu ziren bertan. After gisa ere erabili izan da: Pasaiako tabernak itxi ostean, gauari amaiera Kampsan eman izan dio gazte askok.
Estudioa den lokalean hainbat disko eta maketa grabatu dira, serigrafia eta zine tailerrak egin dira, eta aisialdi eta kultura ekimen ugari burutu dira filosofia antikapitalistaren Do it yourself lemapean. Eslogan hau bera topa dezakegu Kampsak Facebookean duen profilean euskaraz: “Zu zeuk egizu! “. Baina %100ean autofinantzatua izan den “Kampsa. 20 años de sueños y escombros” ezin da ustekabean eman ziren hainbat desalojorik gabe ulertu. Beharbada, 2001ekoa izan zen gogorrena ertzaina aurre abisurik gabe bertaratu baitzen. Hauen presentziaren erantzun gisa teilatura igo ziren hainbat gazte “Ez gaituzte mugituko” kartelekin hauen aurka eginez. Azkenerako, gunea espazio txiki batera murriztu zuten.
Pasaia eta inguruetan gune berrien bila ibili ostean, Kampsaren etapa berria Ardi Gorri etxe okupan hasi zen, lehengo gunetik metro gutxira. Kampsa 1en skatepark bat bazegoen arren, Kampsa 2n bowl zoragarri bat eraiki dute. Ziur asko, hau izan da oihartzun handien izan duen gaia, eta hala Espainiako skate-aren gaia lantzen duen “Monopatin” dokumentalak ere konfirmatzen du hau. “Underground munduetan murgildurik ez dagoen jendearentzat sarbidea izan daiteke” dio Danik.
2012ko uztailaren 7an, Kampsaren 20. urteurrenaren festa ospatu zen skate txapelketa eta Dollmen, 25 Coming Fire, Helldivision eta Desastrozombies taldeen kontzertuekin. Urteurren honen ospakizunari jarraipena eman diote dokumentalaren estreinuarekin, nahiz eta administrazioak burutuko duen hurrengo desalojoaren beldur diren.